Irontec enpresak euskara ikasteko jolas-suitea zabaldu du Ikasordena aplikazioarekin

1 March, 2016

Software libreko konponbideen garapenean espezializatua dagoen Irontec enpresa bilbotarrak tableterako Ikasordena aplikazioa merkaturatu du. Ikasordena euskarazko hiztegia praktikatzeko haur-jolas bat da. Aplikazio berria Ikastek doako jolas-proiektuaren barruan dago, non adin eta zailtasun maila guztietarako proposamenak baitaude.

Ikasordena erabilpen intuitiboko aplikazio bat da, 6 eta 8 urte bitarteko haurrentzat diseinatua dagoena. Haurrek letrak ordenatu behar dituzte, irudietan oinarrituta, euskarazko hitzak eraikitzeko. Jolasaren helburua da eguneroko gaiei buruzko hiztegia ikastea, hala nola, etxeko objektuak, gorputz-atalak, koloreak eta zenbakiak. Aplikazioa Android eta iOS sistema eragileekin erabil daiteke.

Jolasa Ikastek aplikazio-suitean sartuko da, hots, hizkuntzaren ezagutza indartzeko ikusizko jolas sinple eta adiktiboen multzoan. Hala, Ikastek suiteak sei aplikazio desberdin izango ditu hemendik aurrera: haur eta gazteentzako Ikasitz, Ikasikusi, Ikasesteka eta Ikazopa jolasak, hiztegia praktikatzeko pentsatuak, eta EGA azterketa prestatzen ari diren helduentzako Ikasega aplikazioa.

Irontec enpresaren ekimena da Ikastek, zeinaren helburua baita euskara ikasteko doako tresnak eskaintzea gamifikazio estrategiak erabiliz. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du. Era berean, enpresak beste hainbat aplikazio sortu ditu euskara sustatzeko: Auskalo jolasa, helduentzako lexiko eta gramatika ariketak dituena; euskarazko Jakina trivial jokoa, eta Mintzatu sare soziala, euskaraz hitz egiteko tokiak geo-kokatzen dituena.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow