IOCD, datu irekietan oinarritutako ekimen inspiratzaile bila

22 martxoa, 2016
International Open Data Conference topaketak datu irekiekin lotutako eragileen komunitate globala bilduko du Madrilen.

Urriaren 6 eta 7an Open Data Nazioarteko Konferentzia egingo da Madrilen. Topaketa horren xedea da hainbat erronka, ikuspegi eta ideia partekatzea open datak maila ekonomiko eta sozialean izan dezakeen potentziala aprobetxatzeko. Aurtengo IOCD edizioa Global Goals, Local Impact deitzen da, eta helburutzat du ekimenak partekatzea eragile publikoen, pribatuen eta gizarte zibilaren artean.

Kongresuak hiru ardatz nagusi izango ditu: open data arloko konponbide eta praktika berritzaileak bateratzea, datu irekien inguruko aukera eta eztabaida berriak esploratzea, eta nazioarteko lankidetza esparru bat sortzea esparru horretan.

Kongresuko egitaraua osatzeko, Call for Proposals jarri da martxan, zeina zabalik egongo baita apirilaren 3ra arte. Deialdia hiru esparrutan banatuta dago: call for impact, call for sharing eta call for action. Lehenengoaren bidez inpaktu saioak antolatuko dira, non aurkezpen laburrak egingo baitira open datan oinarritutako ekimenei buruz. Asmoa da garatzen ari diren konponbide berritzaileei buruzko ikuspegi zabala ematea eta kasu arrakastatsuen arteko elkarreragina sustatzea. Espazio horretan parte hartzeko eskaera bat bidali behar da eta, harekin batera, baita ere aurkeztuko den proiektuaren laburpena, adieraziz zein den lortutako inpaktua eta zein sektoreri dagokion.

Era berean, saio interaktiboak egingo dira kongresuan, open datarekin lotutako alderdi espezifikoei buruz. Adituek eta interes taldeek parte hartuko dute saio horietan, erronka garrantzitsuenentzako konponbideak partekatzeko, haien inguruan eztabaidatzeko eta, bide horretatik, elkarrengandik ikasteko. Call for sharing, berriz, horrelako saioren bat antolatu nahi duten pertsona, erakunde edo enpresei zuzentzen zaie eta mahai-inguruak, tutorialak edo tailerrak izan daitezke.

Azkenik, IOCD topaketan konpromiso eta ekintza espezifikoak bildu nahi dira open data esparru desberdinetan bultzatzeko. Horregatik, parte hartzeko deia egin zaie eragile publiko, pribatu eta zibilei, ekintzarako konpromisoak helaraz diezazkieten antolatzaileei. Ekimenak esparru askotakoak izan daitezke: politika, garapena, jardunbide egokiak eta estandar irekiak barneratzea edo baita ere datu irekien inklusioa eta parte-hartzea bermatzea, hiritar guztiek aprobetxatu ditzaten.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow