Interprest, mugikorretan oinarritutako interpretazio-sistema kode irekian

25 maiatza, 2016
Sistema Donostia-San Sebastián 2016 ekimenaren barruan garatu da.

Tresna horrek aukera ematen du aldibereko interpretazio-zerbitzuak merkatzeko mugikorretako teknologia erabiliz.

Donostia-San Sebastián 2016 ekimenak eta Talaios kooperatibak Interprest proiektua garatu dute, teknologia digitalen bidez irisgarritasuna sustatzeko. Ekimenaren helburua da aldibereko interpretazio zerbitzuak ahalbidetzea, era guztietako ekitaldietan hizkuntza-aniztasuna sustatzeko, baina komunikaziorako hesi izateko arriskurik gabe.

Proiektuaren bidez haririk gabeko sistema bat egin dute, kode irekian eta mugikor bidezko komunikazioan oinarritua. App baten bidez, interpreteak telefonoa erabiltzen du mikro txiki batetik seinalea (bere ahotsa) igortzeko; seinale hori entzuleari bidaltzen zaio, eta azken horrek aplikazio bera izan behar du instalatuta, itzulpena nahi duen hizkuntzan entzuteko. Sistemak zerbitzari txiki bat erabiltzen du, router baten antzeko kutxa bat, audio seinaleak jasotzeko eta bidaltzeko.

Teknologia horrek aldibereko interpretazio zerbitzuen espazio eta azpiegitura premiak murrizten ditu, eta, beraz, baita kostuak ere. Gainera, Interprest aplikazioarekin testuak eta irudiak ere bidal dakizkieke hartzaileei; funtzio horrekin zerbitzua irisgarriago egiten da, entzumen ezgaitasunak dituzten pertsonek gertatzen denari buruzko informazioa jaso dezaketelako kanal horren bidez.

Interprest Android sistema eragiledun dispositiboentzat garatu da, eta, laster eskuratu ahal izango da iOS dispositiboentzat ere. Donostiak Hirikia kaiaren barnean bultzatu du proiektu hau, Hiriburutzako egitarauaren baitan. Kai hori teknologia berrietan zentratu da, hiritarren jabekuntza eta irisgarritasun digitala bultzatzeko tresnak direlako.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow