Behiei ahotsa ematen dien Interneta

24 azaroa, 2016
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean erakutsi da zein den Gauzen Interneten errealitatea eta etorkizuna, eta baita ere nolako zerbitzu, produktu eta negozio berriak sortuko diren Sarearekin.

 

Adibide asko daude: landareen egoera neurtzen duten eta ura behar dutenean kexatu egiten diren dispositiboak; edari baten glukosa maila neurtzen duten edalontziak; zein abiaduratan jaten dugun esaten diguten sardexkak. Deustuko Unibertsitateko ikerlari Diego López de Ipiñak 4.0 Industria nabarmendu du eta esan du robot kopurua emendatuko duela, “baina ez kaiolatan, baizik eta pertsonekin batera buruz buru lanean”.

 

SPRI Taldeak, bere Enpresa Digitala zerbitzuaren bitartez, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean antolatu duen jardunaldi batean erakutsi da zein den Gauzen Interneten errealitatea eta etorkizuna, eta baita ere nolako zerbitzu, produktu eta negozio berriak sortuko diren Sarearekin. Deustuko Unibertsitateko ikerlari Diego López de Ipiñak adibide ugari jarri ditu: landareen egoera neurtzen duten eta ura behar dutenean kexatu egiten diren dispositiboak; edari baten glukosa maila neurtzen duten edalontziak; zein abiaduratan jaten dugun esaten diguten sardexkakAbeltzaintza sektorean ere badira hainbat adibide, hala nola, “hesiekin hitz egiten duten behiak, eta baserriko datu kontrolarekin hitz egiten duten hesiak. Horraxe goaz”.

 

López de Ipiñak azpimarratu du Gauzen Internetek eragina duela gure ekonomiaren sektore guztietan. “Badira 10 urte baino gehiago pertsona baino dispositibo gehiago dauzkagula. Eta 2020an Internetera konektatutako 26.000 milioi dispositibo izango ditugu”. 1992an hasi zen dena, konektatutako lehen dispositibo adimenduna sortu zenean: edariak saltzeko makina bat. “MITeko Kevin Aston ikerlariak sortu zuen Gauzen Internet terminoa 1992an”.

 

Ikerlariak Gauzen Interneten definizioa eman du azalpen sinple batekin: “Badauzkagu fisikoak diren gauzak, funtzioak eskaintzen dituztenak, eta beste batzuekin konektatzen baditugu, zerbitzuak eskain ditzakegu”. “Inguratzen gaituen edozein objektuk datuak eman diezazkiguke: esertzeko erabiltzen dugun aulkiak esan diezaguke nola jartzen dugun bizkarra, zenbat denbora igarotzen dugun eserita, e.a.” Informazioaren analisirako prozesu eta dispositibo aurreratuagoak ematen dizkigu –gehitu du-, pertsonen zerbitzura jartzeko eta pertsona eta ingurune adimendunagoak sortzeko.

 

López de Ipiñak Gauzen Interneten “ekarpen handienak” aipatu ditu: hobekuntzak segurtasunean eta energian, denbora gutxiago behar izatea kalitate handiagoko produktuak fabrikatzeko edota bezeroekiko harreman hobea.

 

Adibide praktiko ugari daude. Kontsumoari dagokionez, hainbat objektu aipatu ditu: euria egin behar duenean argi keinukari bat pizten duen aterkia; landareen egoera neurtzen duten eta ura behar dutenean kexatu egiten diren dispositiboak; edarien glukosa maila neurtzen duten edalontziak; zein abiaduratan jaten dugun esaten diguten sardexkak (urdaileko arazoak dituzten pertsonentzat pentsatuak); hortzak nola garbitzen ditugun neurtzen duten eskuilak; edo kontsumitutako kaloriak neurtzen dituzten eskumuturrekoak. López de Ipiñak merkaturatze fasean dagoen produktu berezi bat jarri du adibide gisa: “Kontsumoa normala bada berde eta gehiegizkoa bada gorri jartzen diren dutxak. Gainera, turbina batek elikatzen dituenez, ez dute elektrizitaterik behar, eta horrek balio handia ematen die sostengarritasun arloan”. Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan adibidez, dagoeneko merkatuan daude haririk gabeko bozgorailuak, gako-hitz bat esanda hitz egiteko aukera ematen dutenak.

 

Honek guztiak beste aplikazio handi bat du, 4.0 Industria, alegia. “Aukera handiak ekarriko ditu, elektronika eta informatikako osagaiak txertatuko zaizkielako makinei, erabakiak har ditzaten informazio errealean oinarrituta, eta ez balioespenetan”. Adituek iragarri duten bezala, López de Ipiñak adierazi du 4.0 Industriak emendatu egingo duela industriako robot kopurua, “baina ez kaiolatan, baizik eta pertsonekin batera buruz buru lanean”. “Aukera ugari emango ditu negozio ereduak sortzeko eta produktu pertsonalizatuak eskaintzeko”.

 

Gauzen Interneta iritsi da baita ere teknologiak arazo gehiago dituen sektoreetara, adibidez abeltzaintzara. “Ganaduak dagoeneko badauzka txartel batzuk jakiteko non bizi izan den eta zein osasun ikuskapen egin dioten. Hiltegira iritsi eta haragi paketeak egitean, gero eta errazagoa da jakitea abelburuak tenperatura egokia duen edo  gaixotasunen bat izan duen, pakete hori erretiratzeko edota kontsumitzaileari abisatzeko”. López de Ipiñak iragarri du etorkizuneko nekazaritzako profesionalak ez direla lanaren hain esklabo izango; dron eta sentsoreak erabiliz “kontrolatuko dute soroen eta abelburuen egoera, hesiekin hitz egiten duten behiak eta baserriko datu kontrolarekin hitz egiten duten hesiak izango dituztelako”. Horraxe goaz”.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow