Adimen Artifiziala, IoT eta Big Data osasun sistemak hobetzeko

5 maiatza, 2016
Osasun digitalaren eta arreta integratuaren arloko kasu arrakastatsuak azalduko dira topaketan.

Ekainaren 16an eta 17an Osasun Digitalaren Europako Kongresua egingo da Donostian.

Teknologia digitalek berekin dakartzaten aukeren bidez nabarmen hobetu daiteke osasun laguntzaren kalitatea eta ezagutza medikoaren kudeaketa. Hor ditugu, esaterako, Internetera konektatutako dispositiboak, gai direnak pazientearen osasuna monitorizatzeko edo datu kopuru handiak bildu eta aztertzeko adimen artifizialeko teknikak erabiliz. Teknologia horiei esker, posible da aurrera egitea pazientearengan zentratutako osasun arreta pertsonalizatua eskaintzen duten sistemetarantz, zeintzuk gero eta beharrezkoagoak baitira, biztanleria zahartzen ari delako eta gaixotasun kronikoak dituzten pazienteak gero eta gehiago direlako.

Ekainaren 16an eta 17an Osasun Digitalaren Europako Kongresua egingo da Donostian, Miramar Jauregian. “Arreta integratua hobetuz” lelopean aztertuko dute nola berrikuntza teknologikoen bidez posible den hobetzea osasun arretaren kalitatea eta erabaki medikoak hartzeko prozesuak. Kongresuan osasun eredu integratu berriak izango dira aztergai. Eredu horiek bere osasunaren kudeaketako agente aktibo bihurtzen dute pazientea eta askotariko zerbitzu eta profesional medikoak koordinatzen dituzte arreta integrala eskaintzeko.

Topaketaren helburua da halako teknologien benetako balioa ebaluatzea osasun arloko profesionalen ikuspegitik, horretarako antolatu direlarik hitzaldiak, eztabaidak eta jardunbide egokien aurkezpenak. Bi jardunaldi horietan bateratu egingo dira osasun digitalarekin, arreta integratuarekin eta medikuntza parte-hartzailearekin lotutako esperientziak, osasun arloko profesionalak, kudeatzaileak, enpresak, unibertsitateak eta pazienteak bilduko dituen sektore arteko topaketa batean.

Osakidetzak eta SEDAP-Lehen Mailako Arretako Zuzendaritza Karguen Espainiako Sozietateak antolatuko dute Osasun Digitalaren Europako Kongresua, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren, UPV/EHUren eta Signo Fundazioaren laguntzarekin.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow