Etorkizuneko emakumezko zientzialari eta teknologoak inspiratzen

13 urria, 2016
Proiektua taldeko mentoring-ean oinarritzen da.

Inspira programak STEAM arloko bokazioak sustatzen ditu Lehen Hezkuntzako nesken artean.

 

Unibertsitateko ikasleen erdia baino gehiago emakumeak badira ere, ingeniaritza edo arkitektura bezalako titulazio teknikoetan emakumezkoak %26,4 baino ez dira, eta Ikerbasque-n Zientziari buruzko 2015eko txostenak dioenez, hamar ikertzailetik hiru bakarrik dira emakumezkoak. Estereotipo soziokulturalei lotutako genero-eten hori ezabatzeko asmoz, Deustuko Unibertsitateak eta Elhuyar Fundazioak Inspira proiektua plazaratu dute.

 

EAEko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako neskei zuzendutako mentoring programa bat da, zeinetan emakumezko profesional eta teknologoek beren borondatez parte hartzen baitute aholkulari gisa. Saioetan emakumezko aholkulariek neskatilekin lan egingo dute, STEAMei -Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematikak- lotutako lanbideak ezagutu ditzaten, estereotipoez ahaztu daitezen eta arlo horietan dituzten bokazioak deskubritu ditzaten.

 

Hauek dira Inspira proiektuaren gakoak: emakume teknologoen erreferente berriak ematea, aholkularietatik euretatik hasita; neskatilek karrera zientifikoen berri izan dezatela gaztetxoak direnetik; eta lanbideei lotutako genero-rolez eztabaidatzea, ez daitezen oztopo izan zer izan nahi duten erabakitzean.

 

Inspira Programa proiektu pilotu bezala abiarazi da 17 emakumezko aholkulariren laguntzarekin, eta 11 ikastetxetan emango da. Programaren zazpi saioetan 10-12 urte bitarteko 200 neskatilek bertatik bertara ezagutuko dute emakumeek zientzian jokatu duten papera Historian zehar eta arlo zientifikoek lanbide anitzetan duten potentziala. Proiektu aitzindaria da Euskadin, lehen aldia delako taldeko mentoring teknikak erabiliko direna Lehen Hezkuntzako ikasleen artean STEAM arloko bokazioak sustatzeko.

 

Inspira irailaren 16an aurkeztu zen Deustuko Unibertsitatean, eta babesle ditu Innobasque eta FECYT (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa-Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa).

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow