Berrikuntza irekia smart city-entzat: Gipuzkoak bat egin du Europako Clines sarearekin

25 apirila, 2016
Clines proiektuaren helburua da hiri adimendunentzako konponbideak garatzea.

Apirilaren 27an workshop bat egingo da Donostian, konponbide berriak asmatzeko IKTetan oinarritutako hirientzat.

Teknologia berriek aukera ugari zabaldu dituzte hirien eraginkortasuna eta sostengarritasuna hobetzeko, eta horrek hiriko ekosistemen smartizaziorantz garamatza. Europako Clines proiektuak, Tecnalia eta GAIA klusterra bazkidetzat dituenak, helburutzat du erronka horretan aurrera egiteko konponbideak garatzea, sistema integratuak sortuz garraiorako, energiaren kudeaketarako eta hiritarren parte-hartzerako.

Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin dute ekimen horrekin, eta topaketa bat antolatu dute Donostian, apirilaren 27an. Jardunaldia praktikoa izango da, eta konponbide berriak bilatuko dira Gipuzkoako organismoek proposatu dituzten bi erronkarentzat: Donostiako udalak proposatu du IKTak erabili behar direla eraikinen birgaitze planetan energia balantzeak hobetzeko; Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, proposatu du hiritarren parte-hartze prozesuak lantzea teknologia digitalen bidez.

Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoa hasi da jada lanean, Txomin auzoan kokatutako energiaren birgaitze proiektu batean. Ekimen horren bidez monitorizazio prozesu bat aktibatuko da birgaitze lanak amaitu ondorengo bi urteetan, lortzen den aurrezki ekonomikoa eta energia aurrezkia kuantifikatzeko. Balantze horri esker emaitzei buruzko informazioa eskuratuko da, eta horren arabera ikusiko da posible den negozio eredu hori hiriko beste eremu batzuetan ere aplikatzea.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erronka da IKTak erabiltzea hiritarren parte-hartzea hobetzeko. Asmoa da horrelako teknologiak parte-hartze dinamika presentzialetan sartzea, baliagarriak izan daitezen datuak biltzeko eta hiritarrei informazioa eskaintzeko, eta baita ere kanal bakar izan daitezen onlineko parte-hartze prozesuetan.

Europako Batzordeak VII. Programa Markoan abiarazitako Clines proiektua 2013an hasi zen eta aurtengo irailean amaituko da. Partzuergoaren barruan daude, halaber, Alemania, Belgika eta Danimarkako bazkide pribatuak, ikerketa zentroak eta unibertsitateak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow