Inika kudeaketa akademikorako plataformak irakasle eta familientzako aplikazio bat sortu du

14 May, 2015
Inika aplikazioa.

Inika ikastetxeentzako kudeaketa zerbitzu bat da, gaur egun Euskadiko 180tik gora zentrotan erabiltzen dena. Maiatzaren 6an VII. Inika Jardunaldiak antolatu ziren Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean, eta Ukabi eta Elkarmedia enpresek garatu duten plataformaren nobedadeetako batzuk aurkeztu zituzten bertan.

Inikak bultzatu duen zerbitzu berrietako bat aplikazio mugikor bat da, bereziki familiei zuzendua dagoena. App hau irailetik aurrera eskuratu ahal izango da, bai Android eta bai iOS sistema eragileentzat. Tresna berri hori erabiliz, gurasoek beren seme-alaben aurrerapen akademikoaren jarraipenari buruzko funtzio desberdinak erabili ahal izango dituzte. Inika aplikazio berriarekin posible da smartphone-aren bidez harremanetan jartzea ikasleen tutoreekin, falten alertak jasotzea, eskolaz kanpoko ekitaldiei buruzko informazioa eskuratzea eta zentroko jardueraren berri izatea egunero.

Inika plataforma duela 15 urte jarri zen martxan ikastetxeei kudeaketa akademiko eta administratiborako tresnak eskaintzeko eta Eskolaurreko Hezkuntzan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzetan, Batxilergoan nahiz Lanbide Heziketan eta Helduen Hezkuntzan ere erabil daiteke. Tresna sinple batzuen bidez zerbitzu honek aukera ematen du irakasle, ikasle eta familien arteko komunikazioa bideratzeko, eta hala, esaterako,  ikasleen kalifikazioak ezagutzeko edo eskolako jardueren berri izateko. Plataforma honekin bestelako alderdiak ere kudeatu daitezke, hala nola garraioa, jangela, eskolaz kanpoko jarduerak edo familiekiko harremanak.

Inika dagoeneko erabiltzen dute EAEko 180tik gora ikastetxetan eta Ukabi eta Elkarmedia bultzatzaileen arabera, Euskadiko merkatuaz harago iristea da plataformaren hurrengo erronka. Horretarako, nazioartekotze prozesu bati ekin diote Iraurgi Berritzen zentroaren laguntzarekin.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow