4.0 Industria eta Open Finances, LibreCon 2016 azokan

7 ekaina, 2016
LibreCon kode irekiko IKT konponbideetan zentratutako enpresen topaketa bat da.

Kongresua Bilbon egingo da azaroan eta dagoeneko zabalik dago Call for Papers deialdia.

LibreCon teknologia irekien inguruko Estatuko ekitaldi garrantzitsuenetako bat da. Seigarren edizioa Bizkaiko hiriburuan egingo da azaroaren 22 eta 23an, hitzaldi, tailer eta erakusketaz osatutako egitarau zabal batekin. Aurtengo ekitaldia benetako iraultza teknologikoa bizi duten bi esparrutan zentratuko da: 4.0 Industrian eta finantzetan. Bi sektore horiek aukera paregabeak eskaintzen dituzte produktu eta zerbitzu berriak garatzeko Big Data, Gauzen Internet eta cloud computinga baliatuz. Nazioarteko kongresu honen helburu nagusia da ezagutza eta kode irekiko teknologietan oinarritutako esperientziak partekatzea.

Bi erakunde sustatzaile ditu ekitaldiak, batetik, Esle, Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkartea eta, bestetik, Asolif, Software Libreko Enpresen Federazio Nazionala. Bestalde, Industria Adimendunaren edo Open Finances deiturikoen esparruan arrakasta izan duten kasuei zuzendutako Call for Papers bat ireki da, kode irekian oinarritutako ahalik eta esperientzia eta konponbide gehien biltzeko.

Deialdia zabalik egongo da uztailaren 15era arte, eta helburua da deialdira biltzen diren hizlariek azaldu dezatela nola teknologia libreen bidez posible izan duten lehiakorrago bihurtzea topaketaren ardatz bietako batean. Hiru eremu desberdinetan parte har daiteke: hitzaldi gisa, Teknologia Irekien espazioan -formatu praktikoagoa du eta garatu diren konponbideak erakusteko pentsaturik dago- edo Business Case gisa; azken horretan, ekitaldiko gaiekin lotutako premia bat duten enpresak adituekin bildu ahal izango dira, teknologia irekietan oinarritutako konponbideak ezagutzeko.

Bi egunetan, Estatuko zein nazioarteko 600dik gora enpresak eta 120 hizlarik parte hartuko dute LibreCon azokan, zeintzuek bertatik bertara azalduko baitute kode irekiko konponbideek duten potentziala 4.0 industriak nahiz finantzek berekin dakartzaten premia berriei aurre egiteko. Konferentziez, kasu arrakastatsuen aurkezpenez eta hitzaldi teknikoez gain, Erakusketa gune bat ere atonduko da, enpresek beren produktu eta zerbitzuak ezagutzera eman ditzaten.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow