Indusmedia: deskubritu nolako aukerak eskaintzen dizkion marketin digitalak zure enpresari

18 urria, 2016
Topaketan kasu arrakastatsuak eta tailer praktikoak egingo dira sektoreko enpresentzat.

Kongresua Orona-Ideo eraikinean egingo da, eta sektore industrialerako estrategiak izango ditu ardatz.

 

Urriaren 25ean Indusmedia topaketaren VI. edizioa egingo da. Indusmedia marketin digitalari buruzko kongresu bat da euskal industria-sareari bereziki zuzendua dagoena. SPRIk Garaia Enpresa Digitala erakundearen bidez antolatzen duen jardunaldi horren helburua da sektoreko enpresei laguntzea, onlineko marketineko tresnen erabilpenari buruzko ezagutzak eta esperientzia arrakastatsuak partekatuz.

 

Internetek eta, bereziki, sare sozialek, aukera handiak ekarri dituzte merkatu berrietara iristeko, salmentarako eta bezeroaren arretarako kanal berriak sortu dituztelako. Enpresa industrialak (konpainia handiak edo ETEak) beren marketin estrategiak egokitzen ari dira errealitate berri horretara, bere potentziala aprobetxatzeko. Indusmedia kongresuan sektoreko enpresek aukera izango dute ideiak eta kasu praktikoak trukatzeko eta, bide horretatik, marketin digitaleranzko trantsizioa bultzatzeko.

 

Seigarren edizio honetan, Indusmediak hiru bloke izango ditu. Lehenengoan marketin arloko profesionalen hitzaldiak biltzen dira: “SEOa, zure enpresako komertzial gisa”, Fernando Muñozen eskutik, eta “Sales Industry 4.0, salmenta puntuko informazioa kudeatzearen artea”, Guillermo Villaroig-en eskutik. Gero, enpresa munduan egin diren marketin digitaleko lau kasu praktiko aurkeztuko dira: Blind 4.0, Saunier Duval, Izar Cutting Tools eta ABB. Azkenik, bertaratuek aldi berean egingo diren bi tailerretako batera joan ahal izango dute: “Linkbuilding sektore industrialetan” edo “Zein eduki erabil ditzake B2B enpresa batek bere negozioaren helburuak lortzeko?”.

 

Kongresua doakoa da, eta bereziki zuzentzen zaie enpresa industrialetako negozio, marketin eta komunikazio arduradunei, alegia marketin digitalaren giltzarriak ezagutu eta beste konpainia batzuekin beren esperientziak partekatu nahi dituztenei. Aurreko bost edizioetan topaketak harrera bikaina izan du sektorean; 1.000 profesional baino gehiago bertaratu dira, eta horien %70 enpresa industrialetako kideak ziren. Guztira 19 konpainiak aurkeztu dituzte marketin digitalaren arloko beren esperientziak kongresuan, eta hogei bat hizlarik parte hartu dute. Izena emateko epea zabalik dago Spri.eus web orrian.

 

Indusmedia

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow