Hitzargiak, Europako hizkuntzak argitzen dituen sarea

11 May, 2016

Ekainaren 23an eta 24an topaketa bat egingo da Hernanin, loturak sortzeko hizkuntza txikituak dituzten komunitateen artean.

Europak aberastasun linguistiko handia du, nahiz eta tokian tokiko hizkuntza asko ahulduta dauden, kasu batzuetan beren biziraupena arriskuan jartzeraino. Era berean, asko dira hori saihesteko ekimenak martxan jarri dituzten hiritarren komunitateak, antolakundeak nahiz erakunde publikoak, zeintzuek askotariko formulak bilatu baitituzte hizkuntzak suspertzeko eta hiritarren eguneroko bizitzan erabil daitezen sustatzeko.

HitzargiakElkar argitzen duten hizkuntzak izeneko proiektuaren helburua da ekimen horiek argitara ateratzea eta atzean dituzten komunitateak elkarri konektatzea, lankidetza sare bat sortzeko. Soziolinguistika Klusterrak eta Donostia-San Sebastián 2016 ekimenak bultzatu dute programa hori, eta datorren ekainean hizkuntza komunitateen arteko topaketa egingo dute helburu horretarantz aurrera egiteko.

Ekitaldia ekainaren 23an eta 24an egingo da Hernanin, Orona Fundazioaren Orona Ideo eraikinean. Jardunaldietan hitzaldiak, aurkezpenak eta askotariko jarduerak egingo dira parte-hartzaileen arteko lankidetza aktibatzeko. Ekitaldian gai desberdinei buruzko mahai-inguruak egingo dira: ahozko ondarea, hizkuntza txikituak haur hezkuntzan, IKTak tresna bideratzaile gisa, hizkuntza bistaratzea laneko nahiz aisialdiko inguruneetan, e.a.

Orobat ezagutzera emango dira Hitzargiak web orrian jasota dauden eta 12 herrialdetatik eta 24 hizkuntzatan sortu diren ekimenetako batzuk (70etik gora daude). Atarian, mapa batean ikus daitezke tokian tokiko hizkuntzak indartzeko eta bistaratzeko garatu diren jardunbide egokiak, oso ikuspegi desberdinak barne hartzen dituztenak: sakelakoetarako aplikazioak, kultur jaialdietarako jokoak, administrazio publikoek bultzatutako programak, e.a.

Euskararen kasuan, adibidez, jardunbide egoki gisa jasota dago Euskal Herriko Ahotsak, pertsona nagusiei elkarrizketak eginaz euskarazko herri hizkera katalogatzen eta hedatzen duen proiektua, edota Euslan proiektu pilotua, zeinak ezagutza trukea sustatzen baitu euskararen erabilera sustatzen duten enpresa industrialen artean.

Hitzargiak web orrira biltzen dira, halaber, Voluntariat per la Llengua (Katalunia), katalana praktikatu nahi duten pertsonak eta boluntarioak harremanetan jartzen dituena mintzapraktikak egiteko; edo La Escolina, zeinak jarduera ludikoak antolatzen baititu asturieraz 0-6 urte bitarteko haurrentzat. Nazioarteko proiektuak ere badaude: iYo, alsazierazko esaerak jasotzen dituen aplikazio mugikorra; Uma Pido, Võru hizkuntzan egiten den musika jaialdia edota An Gaeláras kultur antolakundea, kultura eta artea sustatzen dituena Irlandako gaelikoz.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow