Hermeneus, tokiko produktua balioan jartzen duen merkatua

3 May, 2016

Bitartekariak desagerrarazten dituen onlineko plataforma horrek Sustainable Week Topaketan parte hartu zuen.

Hermeneus ataria onlineko merkatu bat da, tokian tokiko elikagaien zuzeneko salmenta ahalbidetzen duena. Halere, ez da produktuen direktorio bat, baizik ekoizleena. Nekazari, ganaduzale edo obradoreek espazio bat izan dezakete bertan beren eskaintzak erakusteko, eta kontsumitzaileak zuzenean jar daitezke haiekin harremanetan, erosketak egiteko.

Lehendik existitzen ziren bi sistemen arteko nahasketa bat da: ekoizlearen zuzeneko salmenta eta produktu anitzeko dendak. Hermeneus atariak lehenengo ereduaren berezko hurbiltasuna eta gardentasuna nabarmentzen ditu, bitartekariak desagerraraziz eta salmenta prozesua sinpletuz, zeren erosketa guztiak plataforma berean egiten baitira, erosketa-saski bakarrarekin.

Eduardo Elorriagak, Hermeneus atariko fundatzaile eta zuzendari nagusiak, Sustainable Week Topaketan parte hartu zuen Bilboko Bizkaia Aretoan, apirilaren 27an, non proiektuaren negozio-eredua azaldu baitzuen. Elorriagak esan zuenez, “gure helburua da sostengarritasunaren bitartez lehiakortasun abantaila bat lortzea”, “hau da, kontsumitzaileak aukera dezala bertako eskaintza, baina ez bakarrik kontzientzia kontu bategatik, baita ere bestelako abantailak eskaintzen dizkiolako”.

Hermeneus atarian zerbitzu-pakete bat eskaintzen zaie ekoizleei, besteak beste web orri bat sortzea eta komunikazio nahiz posizionamendu tresnak erabiltzea. Ekoizleek erabakitzen dute zer saldu zein preziotan, eta salmenta horietatik ateratako irabazien %100 eurentzat da. “Ekoizleek beren produktuak sartzen dituzte atarian, eta kontsumitzaileak zuzenean jar daitezke eurekin harremanetan, ez baitugu irabazirik ateratzen salerosketekin” azaldu zuen Elorriagak. Gainera, erabiltzaileak informazioa eskuratu dezake elikagai bakoitzaren jatorriari eta ekoizleei buruz, prozesua gardenagoa izan dadin. Bestalde, geo-lokalizazio sistema bat ere aplikatu du plataformak, ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko distantzia neurtzeko, eta, hala, bidaltze kostuak murrizteko edo desagerrarazteko.

Estatu osoko elikagaiak daude atarian, eta jatetxe nahiz logistika eta garraio arloko profesionalei ere zuzentzen zaie zerbitzua. Dena den, baliteke etorkizunean jarduera-sektore gehiagotara zabaltzea. Komunikazio estrategiei dagokienez, Hermeneuseko taldeak elikadurari buruzko topaketa fisikoak egiten ditu lantzean behin, esaterako lehiaketak, tailerrak eta showcooking ekitaldiak. Adibidez, Van Sobre Ruedas ekitaldietan parte hartuko du maiatza eta abuztua bitartean; janari-kamioien merkatuak dira, eta Santurtzin, Galdakaon, Mungian eta Ermuan egingo dira, besteak beste.

 

Hermeneus

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow