Gaitasunak behar dira gazteen langabeziaren aurka borrokatzeko

21 uztaila, 2016
Gazteen enplegua da Garapen Sostengarrirako Agenda 2030 planaren erronketako bat.

Uztailaren 15ean egin zen NBEk antolatutako World Youth Skills Day ekitaldia.

 

Mundu osoko gazteek helduek baino hiru aldiz aukera gehiago dituzte langabezian egoteko, eta gainera, arrisku handiagoa dute kalitate gutxiagoko lana aurkitu eta lantokian desberdintasun handiagoa jasateko. Eten hori bereziki nabarmena da garapen bidean dauden herrialdeetan, baina baita ere lurralde garatuetan. NBEk dioenez, gazteen langabezia murrizteko funtsezkoa da lan munduaren premiei egokitutako gaitasunak izatea, eta horixe da, hain zuzen, Garapen Sostengarrirako Agenda 2030 planaren erronka handienetako bat.

 

Gobernuek gazteentzako kalitatezko enplegua bultzatzeko egiten duten ahalegina indartzeko, Nazio Batuek Gazteen Gaitasunen Munduko Eguna ospatu zuten uztailaren 15ean. Topaketa bat antolatu zen NBEren egoitza ofizialean, eta hainbat ekitaldi ere bai, mundu osoko hirietan.

 

Gazteen langabezia murrizteko estrategiaren barruan, Munduko Bankuak Solutions for Youth Employment proiektua dauka martxan (S4YE); koalizio publiko-pribatu bat da, baliabideak eskaintzeko eta konponbide berritzaileak identifikatzeko. S4YE 2015-2020 plan estrategikoaren giltzarrietako bat da belaunaldi berrien prestakuntza egokitzea, bat etor dadin ekonomia digitalaren eta ezagutzaren ekonomiaren premiekin. Zentzu horretan, gero eta garrantzitsuagoa da informazio eta komunikazio teknologiekin lotutako gaitasunak eta ekintzailetzarako gaitasunak izatea.

 

Digital Skills and Jobs

 

Europako Batzordeak lehentasuna eman dio etorkizuneko lan merkatura egokitutako ezagutzen arloko prestakuntzari, uste baitu funtsezko tresna dela langabeziaren aurka borrokatzeko. Digital Skills and Jobs koalizioa ekainean abiarazi zen, gizarte digitalerantz aurrera egiteko asmoz. Aliantzak helburutzat dauka talentua sustatzea Europan, erantzuna emateko enplegu eskaera berriei, zeintzuk gero eta estuago lotuta baitaude teknologia digitalekin. Horretarako, gobernuak, sektore pribatua eta hezkuntza mundua inplikatuko dituzten Estatu mailako estrategiak bultzatuko dira, eta 2017aren erdialdea izango da plan nazional horiek garatzeko epemuga.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow