Gasteizen egingo da Buber Sarien 15. edizioa

16 November, 2017

Euskadiko proiektu digital onenak sarituko dira lehiaketan.

 

Internet & Euskadi elkarteak martxan dauka Buber Sariak ekimenaren aurtengo edizioa. Sariketa horrek aitortza egin nahi die Euskadiko antolakunde, pertsona eta enpresek Informazio Gizartearen aurrerabidea hobetzeko egiten duten lanari, saria emanez urteko web, aplikazio eta proiektu digital onenei.

 

Sari-banaketa ekitaldia datorren azaroaren 30ean egingo da Gasteizko Europa Kongresu Jauregian, Datorrena 2018 hitzaldi-jardunaldiarekin batera. Ekitaldi horretan ezagutzera emango da zeintzuk izan diren irabazle bederatzi kategorietako bakoitzean: Euskara, Software librea, Gastronomia eta turismoa, Hiritarren parte-hartzea, Nekazaritza, lehen sektorea/Makina-erreminta eta industria, Berrikuntza, Merkataritza, Nazioartekotzea edo enpresa proiektua eta Proiektu soziala.

 

Hautagaitzak aurkezteko fasean 93 proiektu aurkeztu dira. Behin fase hori bukatu ondoren, dagoeneko ireki da bozkatzeko epea, non hiritar orok parte har baitezake, kategoria guztiak bozkatuz. Emaitza horiek kontuan hartuta hautatzen dira garaikur bakoitzerako hiru finalistak, eta Buber Sarietako epaimahaiak aukeratzen du irabazlea. Epaia sari-banaketa ekitaldian bertan jakinaraziko da, datorren azaroaren 30ean.

 

Aurreko edizioetan bezalaxe, joera digitalei buruzko Datorrena 2018 hitzaldi-egitaraua antolatuko da jardunaldiaren barruan. Hauek dira aurtengo edizioan parte hartuko duten hizlarietako batzuk: Alazne Villar, Vost Euskadi elkartekoa (larrialdietako Euskadiko boluntario digitalen elkartea), Maitane Valdecantos Eurotax Taldekoa (abokatu, aseguru eta finantza-agentzia zerbitzuak integratzen dituen enpresa) eta Iruri Knörr, Basoa osagarri-marka sortu duen ekintzailea.

 

Internet & Euskadi elkartea 2003an sortu zen, hiritarren interesak defendatzeko Informazio Gizartean. Buber Sariek babesle dituzte Arabako Foru Aldundia, Vitoria-Gasteizko Udala eta Euskadiko Kutxa, eta SPRI Taldeak koordinatzen ditu Araba Enpresa Digitalaren bitartez. Sari-banaketa ekitaldira dohainik joan daiteke aldez aurretik izena emanda.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow