Gamejam ekitaldiak, Donostiari buruzko beldurrezko bideojoko bat sortzeko

28 uztaila, 2016
Gipuzkoako Pintxo Developer elkarteak garapen arloko 4 hackatoi antolatuko ditu.

Ekimen hori DSS2016ko Misterioaren Itsasargia ekimenean eta Fantasiazko Zinemaren Astean kokatuta dago.

 

Etxe sorginduak, gertakari arraroak ezagutu dituzten abandonatutako tokiak edo ahoz aho transmititzen diren legenda urbanoak. Hiri guztiek dauzkate mundu paranormalarekin lotutako istorioak, baita Donostiak ere. Misterioaren Itsasargia proiektua hiritarren parte-hartzearen bidez bildutako istorio horietatik abiatzen da transmedia narratiba bat egiteko, eta narratiba horrek bere baitan hartzen ditu pelikula bat, mapa interaktibo bat eta bideojoko bat.

 

Ekimen horren barruan, Pintxo Developer elkarteak hainbat hackatoi antolatu ditu bideojokoak garatzeko, hiritarren proposamenak oinarritzat harturik. Bideojokoen munduko profesionalak eta zaleak gonbidaturik daude asteburu bat iraungo duten maratoi horietara, eta Donostia bera izango dute eszenatokitzat.

 

Uztailetik urrira bitartean, hilean gamejam bat antolatuko da, parte hartu nahi duen edonorentzat irekirik egongo dena; lehen ekitaldia uztailaren 30 eta 31n izango da Orona Ideo eraikinean, Hernanin. Garapen guztien artean bideojoko onena aukeratuko da, zeinak 500 euroko saria jasoko baitu, eta horixe izango da Misterioaren Itsasargiko beldurrezko jokoa. Halere, lau topaketetan garatzen diren sorkuntza guztiak sartuko dira Misterioaren Itsasargiaren web orrian, eta erakusketa publiko batean ere parte hartuko dute Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean.

 

Misterioaren Itsasargia proiektuaren barruan transmedia istorio bat sortuko da Donostiari buruzko istorio paranormalen inguruan; horretarako, edukiak sortuko dira bitarteko bakoitzeko lengoaietara egokitutako plataforma desberdinen bitartez, eta audientziak ere parte hartuko du prozesu horretan. Ideia horri jarraiki garatuko dira, halaber, ikus-entzunezko edukiak dituen mapa interaktibo bat, eta Paranormales izeneko low cost film luzea, Axelcasas faktoriak sortua eta crowdfunding kanpaina baten bidez finantzatua.

 

Donostia-San Sebastián, 2016ko Europako Kulturaren Hiriburutzak eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Asteak bultzatutako ekimen hori iazko azaroan abiatu zen, zinema jaialdiaren XXVI. edizioarekin batera, eta proiektuaren baitan sortutako eduki guztiak ikusgai egongo dira aurtengo edizioan eta Misterioaren Itsasargia webgunean.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow