“Gai izan behar dugu 4.0 Industriarekin lotutako edozein eskaerari aurre egiteko”

2 May, 2017
TOMAS IRIONDO. DIRECTOR GENERAL DE GAIA.FOTO:JUANJO AYG†ES

Tomás Iriondo.

Tomás Iriondo, Gaia Klusterreko zuzendari nagusia dio klusterreko enpresek aliantzak sortu behar dituztela, proposamen integratuak eskaintzeko eta proposamen horien bidez ETEen modernizazio teknologikoko prozesuak errazteko.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Basque Industry 4.0 estrategiak aholkulari garrantzitsuak ditu. Erakunde publiko nahiz pribatuetako ordezkariak dira, ongi ezagutzen dituztenak bai Euskadiko produkzio-sektorea eta bai 4.0 Industriari edo Fabrikazio Aurreratuari forma emateko inplementatzen ari diren berrikuntza teknologikoak. Denak daude Pilotatze Taldean, eta hain zuzen, talde horrexek aztertzen eta baloratzen ditu zeintzuk diren euskal enpresei aplikatutako berrikuntza teknologikoaren premiak eta jarraitu beharreko estrategiak. Gaia Klusterra -Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazio Teknologien Industria Elkartea- da batzorde horretako erakundeetako bat, zeinak 200 konpainia baino gehiago biltzen baititu. Gaia funtsezkoa da modernizazio industrialeranzko bidean, zeren, neurri handi batean, klusterreko enpresak baitira eraldaketa hori lortzeko aplikatuko den ezagutzaren jabeak.

 

Klusterrak duela gutxi eman du ezagutzera 2017-2020 Plan Estrategikoa. Dokumentu horren zutabeetako bat Espezializazio Adimenduneko Estrategia da eta sektore hauei zuzenduta dago: Fabrikazio Aurreratua, Energia, Osasuna eta Lurraldea. Kontzeptu berri asko (“big data”, errealitate handitua eta birtuala, gamifikazioa, Gauzen Interneta, interfaze aurreratuak, zibersegurtasuna, “cloud computing”…) joera bihurtu dira dagoeneko, eta ekarpen handia egin dezakete enpresen hazkunderako. 2017-2020 Estrategia honen ildo nagusiak dira Industria Adimenduna (Smart Industry), Smart Territory (administrazioen eta zerbitzu publikoen eraldaketa digitala) eta Smart Society (ekonomiaren eta pertsona arteko harremanen eraldaketa digitala). Datuak nahiko argiak dira zentzu horretan: Gaiak aurreikusi duenez, klusterreko enpresen fakturazioa %30 haziko da datozen 4 urteetan. Zenbakitan, 1.000 milioi euro inguruko fakturazioa lortzea espero da. Horietatik, 500-600 milioi euro 4.0 Industriarekin lotutakoak izango lirateke.

 

Tomás Iriondo Gaia Klusterreko zuzendari nagusia eta koordinatzailea da. Iriondok banan-banan xehatu ditu 4.0 Industriari forma ematen dioten teknologia bideratzaileak: Gauzen Interneta, robotika kolaboratiboa, edota, besteak beste, fabrikazio gehigarria. Dena den, arreta berezia eskaini dio “big datari”, bere ustez tresna funtsezkoa izango baita enpresen hazkunderako, aukera emango dielako produkzio prozesuak hobetzeko eta merkatuen joerak aurreikusteko.

 

Iriondok aitortu du Gaia Klusterreko konpainiek profil bikoitza dutela. Batetik, teknologikoki eboluzionatu beharko dute, baina, bestetik, daukaten ezagutzari esker jauzi egin ahal izango dute 4.0 Industriara, eta beste batzuei lagunduko diete langintza horretan. “Oso hurbiletik jarraitu behar ditugu bilakaera teknologikoa eta 4.0 Industria interpretatzeko modu berri guztiak, hemendik aurrera konektatuagoa izango delako, eta horri esker, bezero eta hornitzaileen arteko harremana inklusiboagoa eta teknifikatuagoa izango delako. Eraginkortasunez eta zentzuz jokatu behar da teknologia berri horiek aplikatzean. Bestalde, gurea eskaintza teknologikoa denez, aktiboki aztertu behar dugu merkatuak eskatzen duena, bat etorri behar dugu behar duenarekin eta aliantzak egituratu behar ditugu bezeroek zer eskatu huraxe eskaintzeko” azaldu du Gaiako zuzendariak.

 

Eskaintza integrala

Helburu hori lortzeko, hots, eboluzionatzeko eta partekatzeko, klusterrak hiru ardatzeko estrategia bat garatuko du datozen urteetan. “Egungo eskaintza indartu behar dugu. Lehiakorrago egin, teknologia eta 4.0 erreferentziazko ereduak aplikatuz. Bigarrenik, gai izan behar dugu eskaintza integratua proiektatzeko eta merkatura balio erantsi handiagoarekin iristeko. Hirugarren urratsa “fabrika piztu” gisa funtzionatzea litzateke. Gai izan behar dugu nazioarteko edozein eskaera asetzeko. Merkatu globalak proiektatu ditzakeen premiak kanalizatzeko. Hortxe ikusten dugu potentzial handia 4.0 Industriarako” azpimarratu du Gaiako arduradunak.

 

Zentzu horretan, Gaiaren estrategiaren zati batek helburutzat du sinergiak sortzea klusterreko konpainien artean, horrela eskaintza integratuak egiteko eta edozein enpresak (bertakoa edo munduko beste edozein tokitakoa) aukera izan dezan Fabrikazio Aurreraturantz jauzi egiteko. “Hori da aliantza teknologikoaren erantzukizuna eta klusterreko enpresok bultzatu behar duguna. Gai izan behar dugu ETEei zerbitzu-eredu berriak eskaintzeko, ETE horietako arduradunek ez dezaten zertan aztertu zein teknologia behar dituzten edo nola jartzen diren martxan. Gure eginbeharra izango da konponbideak eskaintzea eta frogatutako eskaintza integratuak mahai-gaineratzea, bezeroa ez dadin ezertaz arduratu.

 

Baina beti ez da erraza izaten sektore desberdinetako enpresetako arduradunei 4.0 Industriaz hitz egitea. Nahiz eta Euskadin Basque Industry 4.0 estrategiak badaramatzan hiru urte baino gehiago martxan, oraindik badaude kontzeptua ulertzen ez duten zuzendaritzako karguak edo beren negozioarentzat zein abantaila ekar ditzakeen ikusten ez dutenak. Tomás Iriondoren iritziz: “Sentsibilizazio gehiago behar da, eta proaktibotasuna ere bai. Une honetan, jendearen %80ak laugarren iraultza industriala teknologia integratzeko erronka bat bezala ikusten du. Nire ustez, ez da nahikoa makinak eta sentsoreak sortzea eta teknologia garatzea. Benetako erronka da ulertzea nola aldatuko duen horrek guztiak merkatuetara hurbiltzeko modua. Nola posizionatuko dugun geure burua industria konektatuan. Nola eraldatuko dugun produktua eta nola hurbilduko dugun merkatura. Eta hori lor daiteke datuak aztertuz, hau da, “big data” erabiliz. Lehengai berri bat agertu da: datuak. Etorkizunean, informazioa izango da gure produkzio eredurako funtsezko baliabidea. Baldin eta neurtu eta interpreta badezakegu zer gertatzen den fabrikatzen ditugun produktuetan eta merkatuen bilakaeran, hazkunde nabarmenak izango ditugu eta posizio garrantzitsua lortuko dugu merkatuetan”.

 

Estrategia argi eta errealistak behar dira datuak analizatzeko. Adituek diotenez, prozesu industrial baterako “big data” sistema bat martxan jarri baino lehen, funtsezkoa da enpresa bera ikertzea, erabakitzea zer analizatu nahi dugun eta aztertzea posible den datuak monitorizatzeko sistemak inplementatzea eta datu horiek behar bezala interpretatzeko interfaze sinpleak sortzea. “Datuak biltzeko, baliozkotzeko, babesteko, aztertzeko, proiektatzeko eta informazio bihurtzeko moduak esango digu lortuko dugun ala ez aldaketa. Datu bat ez bada fidagarria, objektiboa eta testuinguru batean jartzeko modukoa, analitika ez da izango baliotsua” azpimarratu du Gaiako zuzendari nagusiak.

 

Bideojokoen teknologia

Bestalde, klusterrak oso hurbiletik jarraitzen ditu prozesu industrialei aplikatutako bideojoko teknologiak “serious games” edo gamifikazioaren bitartez. “Gamifikazio teknikei esker prestakuntza eman dakieke langileei, formatu berri eta didaktikoago batean. Errealitate birtuala, handitua edo mistoa bezalako teknologiak erabiliz eta laguntzaileak edo abatarrak baliatuz, langileek prestakuntza hobea jasoko dute eta gai izango dira ordura artekoak baino zeregin askoz lehiakorragoak egiteko” zehaztu du Iriondok. Testuinguru horretan, Gaiak eta BasqueGame–Euskadiko bideojoko enpresen elkarteak lehen BasqueGame Lab espazioa abiarazi dute Bilboko Zabalguneko Merkatuan, non ikusgai izango baitira euskal enpresek esparru horretan eginiko garapenak. “Jendeak jakin behar du nola funtzionatzen duten teknologia horiek beren prozesuak, zerbitzuak eta produktuak hobetzeko, eta, bestalde, BasqueGame Lab espazioak aukera ematen digu eskaintza ordenatzeko. Posible dugu jakitea zein den hau guztia zentzuz aplikatzen ari dena”.

 

Euskadik hurrengo urratsa eman du Fabrikazio Aurreraturako bidean. Orain ez dugu zeharka begiratzen Alemanian, Suedian edo Estatu Batuetan egiten dena. Enpresek, klusterrek, teknologi zentroek, prestakuntza zentroek edo Basque Industry 4.0 eta antzeko ekimenek helburutzat hartu dute konponbide integratuak eskaintzea modernizazio teknologikorako laguntza eskatzen ari diren enpresei. Eta ez bakarrik gure inguruko konpainiei aplikaturik, gero eta gehiago dira Euskadin eginiko konponbideak eskatzen dituzten nazioarteko konpainiak, Hannover Messe azokan ikusi den bezala. “Badauzkagu oinarriak. Badaukagu industria, teknologia eta berau aplikatzeko irizpideak. Badaukagu behar den guztia nazioartean erreferente izan daitezkeen balio proposamenak eraikitzeko. Txikiak gara, baina euskal industriaren lehiakortasunak badu nahikoa indar arlo honetan lider izateko” esan du bukatzeko Tomás Iriondok.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow