Fintech jardunaldia: bankuen alternatiba digitalak

29 azaroa, 2017
tablet con app de finanzas.

Topaketa hori Kudeaketa eta Teknologia konferentzia-zikloaren barruan kokatzen da

 

Finantza sektorea eraldaketa betean dago hainbat arrazoirengatik, besteak beste, digitalizazioagatik, zerbitzuetako bitartekarien desagerpenagatik, datuen analitikagatik eta adimen artifizialagatik. Ekosistema horretan, bada indar handiz sartu den aktore bat, alegia fintech deituriko startup teknologikoak, finantza- zerbitzuak eskaintzen dituztenak bankuen sektoreko kide izan gabe.

 

Fintech izenean ingelesezko financial eta technology hitzak batzen dira, eta finantza-zerbitzuen eredu desberdin bat ekarri dute, guztiz digitala dena. Horrelako enpresek elkarrekin konbinatzen dituzte big data teknologiaren analisi-gaitasuna eta sektoreari buruzko ezagutza sakona, konponbide berriak eskaintzeko banka erabiltzaile berrientzat. Askotariko zerbitzuak eskaintzen dituzte, hala nola, banku desberdinetako kontuen kudeaketa bateratzen duten aplikazioak, inbertsio plataformak, kreditua eskuratzeko sistemak, eta abar. Horrelako startupek gero eta erabiltzaile gehiago dituzte mundu osoan, eta bakarrik Estatuan, fintech kopurua %60 baino gehiago hazi da azken urtean.

 

Joera hori eta ekarriko dituen inplikazioak aztertzeko, Fintech, bankuen alternatiba digitalak jardunaldia egingo da datorren abenduaren 12an. Deusto Business Alumni – Alumni DBA taldeak SPRI Taldearen laguntzaz antolatutako Kudeaketa eta Teknologia konferentzia-zikloaren barruan egingo da, Deustuko Unibertsitateak Bilbon duen liburutegian.

 

Jardunaldian sektorearen eraldaketa bikain islatzen duten bi fintech izango dira: Fintonic eta Finanbest. Lehenengoak aukera ematen du finantza pertsonal guztiak sakelako aplikazio baten bidez kudeatzeko, banku desberdinetan kredituak kontratatzeko, mugimendu guztiak kontrolatzeko eta, bestalde, bankuko baldintzak hobetzeko gomendioak ere ematen ditu. Finanbest, berriz, inbertsioa kudeatzeko plataforma bat da, datuen analitikan eta adituen aholkularitzan oinarritua dagoena. Zerbitzu horrek teknologiak baliatzen ditu finantza-aholkularitzako zerbitzu tradizionalen kostuak murrizteko, eta sarbidea ematen du munduko 50.000 funts baino gehiagotara.

 

Topaketan zehar Iker de los Ríosek (Fintonic enpresako Kontsumorako Finantzaketa zuzendariak) azalduko du nola eboluzionatu duten fintech konponbideek munduan barrena eta nolako inpaktua izan duten bankuen sektorean. Asier Uribeechebarriak (Finanbest enpresako zuzendari nagusiak) hitzaldi bat emango du Espainiako eta Europako txikizkako banaketaren gaur egungo egoerari eta aurrezkiari buruz. Azkenik, mahai-inguru bat egingo da eta moderatzaile arituko da Massimo Cermelli, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow