AzPlay bideojoko jaialdia indartu egin da nazioarteko erreferente gisa

19 urria, 2016
AzPlay jaialdian tailerrak eta erakusketa-gune bat egongo da finalera sartu diren jokoak probatzeko.

Lehiaketak 47 herrialdetako 250 proiektu independente jaso ditu.

 

AzPlay Nazioarteko Bideojoko Jaialdiaren zazpigarren edizioa azaroaren 23tik 27ra egingo da Azkuna Zentroan, eta aurten antolakuntzak parte-hartze errekorra hautsi du. 250 bideojoko aurkeztu dira, iaz baino 92 titulu gehiago, beraz, argi dago geratu gabe hazi dela 2010eko lehen ediziotik hona.

 

Jaialdiaren helburu nagusia da ezagutzera ematea estudio independenteek garatutako sorkuntzak, bai Euskadikoak eta bai nazioartekoak, eta beren sormenagatik eta berrikuntzagatik nabarmentzen diren bideojokoak saritzea. Era berean, sektoreko profesional, afizionatu eta enpresen arteko topaleku izan nahi du, bideojokoaren euskal industria bultzatzeko.

 

Aurreko urteetan bezala, bost kategoriatako garaikurrak banatuko dira: ideia onenarena, diseinu sortzailearena, soinu-musikarena, jokagarritasunarena eta euskal bideojoko onenarena. Kategoria bakoitzak 5.000 euroko saria izango du. Finalera sartzen diren sorkuntzak epaimahaiaren eta gainerako parte-hartzaileen aurrean aurkeztuko dira azaroaren 23an eta 24an, eta sari-banaketa ekitaldia azaroaren 24an izango da. Jaialdi osoan zehar, bertaratuek eta hiritarrek erakusketa-gunera hurbildu ahal izango dute, aukera izango dutelarik bertatik bertara probatzeko lehiaketaren finalean sartu diren bideojokoak nahiz euskal estudioek sortutako zenbait titulu.

 

Horrez gain, topaketaren egitarauan haurrei eta gazteei zuzendutako tailer hezitzaileak daude, bideojokoen mundura hurbildu daitezen ikuspegi desberdin batetik. Azaroaren 7tik 18ra ikastetxeetako ikasleei zuzendutako “Etorkizuneko bideojokoa diseinatzen” tailerra egingo da Azkuna Zentroan. Ikastaro horretan, neska-mutilek dinamika praktikoen bidez ikasiko dute nolakoa den bideojoko bat asmatzeko prozesua. Azaroaren 9tik 18ra Mediateka Play jarduera egingo da; doako tailer ireki bat da, zeinaren helburua baita mediatekako bideojokoen funtsa ezagutaraztea.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow