Euskara marketinaren eta komunikazioaren etorkizunean

18 October, 2017

Euskarabildua jardunaldiak bere 6. edizioa ospatuko du.

 

“Euskararen eta Euskal Herriaren erronkak makinaz inguratutako errealitatean” lelopean, Euskarabildua topaketaren helburua da elkarrekin partekatzea teknologia berriek marketinaren esparrura dakartzaten aukerak eta erronkak. Hainbat sektore eta esperientzia-arlotako 12 hizlarik parte hartuko dute jardunaldian, eta horien bitartez aztertuko da nolako papera duten, besteak beste, adimen artifizialak, Gauzen Internetek, errealitate birtualak eta Big datak euskarazko marketinaren etorkizunean.

 

Euskarabildua jardunaldian hizpide hartuko da nola lagundu dezaketen teknologia horiek jomuga publikoa ezagutzen, mezu pertsonalizatuak zabaltzen eta erabiltzailearen esperientzia hobetzen. Hitzaldi eta mahai-inguruetan aztertuko da zein erronka izango dituen euskarak etorkizun gero eta digitalizatuago batean.

 

Topaketan nazioarteko adituek parte hartuko dute, besteak beste, hauek: Christina Stathopoulos, Nielsen enpresako proiektu-garapen eta big data arloetako ingeniari adituak; eta Majken Sander, TimeXtender enpresako analyst relations arduradunak. Bestalde, horrelako teknologiak marketinean erabili dituzten kasu praktiko batzuk partekatuko dira, adibidez, Big data-n oinarritutako publizitate programatikoa edota errealitate birtual eta handituaren aplikazioa komunikazioan. Euskarabildua topaketan aukera egongo da bertatik bertara ezagutzeko ikerketa eta teknologia arloetako euskal enpresa eta zentroetan bultzatu diren proiektu berritzaileenak, Vicomtech, Tecnalia, Elhuyar eta, besteak beste, UPV/EHUren eskutik.

 

Argiak, Iametza Interaktiboak eta Ametzagaiña Taldeak antolatu dute jardunaldia, eta SPRI Taldearen laguntza du Miramon Enpresa Digitala ekimenaren bitartez. Topaketa doakoa da, eta urriaren 26an egingo da Donostiako Kursaal Kongresuen Jauregian.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow