Euskal partzuergo batek Biolca aplikazioa garatu du erregai sostengarrienak ebaluatzeko

17 April, 2015

Biolca web tresna erregaien bizi zikloa aztertzen duen software bat da, eta horretarako erregaiek ingurumenean, gizartean eta ekonomian duten inpaktua ebaluatzen du alternatiba sostengarrienak aurkitzeko. Aplikazio horrek, Europako proiektu baten barruan garatu denak, helburutzat dauka errepidean egiten diren isuriak murriztea.


Ekotek, Tecnalia, Gaiker-IK4, Factor CO2, Cespa-Ferrovial eta Bilboko Udalak osatutako partzuergoak garatu du Biolca web tresna berria, garraio sektorearen sostengarritasuna hobetzea helburu duen aplikazioa. Proiektu horren bidez konponbide bat eskaintzen da etorkizunean negutegi efektua eragiten duten isuriak murrizteko, baina ez erregai bakar batean oinarrituta, baizik eta existitzen direnen konbinazioan.

Alternatiba sostengarrienak aurkitzeko asmoz, euskal partzuergoak software bat garatu du gasolina, diesel, bioetanol, biodiesel, elektrizitate, gas natural, GLP eta kerosenoak duten inpaktua zehazteko. Tresna honek duen elementu berritzaileena da Bizi Zikloa Aztertzeko Metodologia aplikatzen duela, zeinak besteak beste kontuan hartzen baitu energia iturri bakoitzak ingurumen, gizarte eta ekonomian duen inpaktua, erauzten edo sortzen denetik erabili arte. Web aplikazioa arrakastaz baliozkotu da proiektu pilotu baten bidez. Bilboko Udalak parte hartu zuen proiektu horretan, Bilbobus sareko 147 autobusekin eta Cespa-Ferrovial enpresak ere bai, Barakaldoko instalakuntzetako zortzi hondakin biltzailerekin.

Proiektu hau Europako Life Biolca ekimenaren barruan dago, zeinak helburutzat baitu garraioak ingurumenean, ekonomian eta gizartean duen inpaktua minimizatzea. Proiektuaren arabera, sektore horrek sortzen du Europan negutegi efektua eragiten duten gasen %25, eta errepideko garraioa izan da CO2 gehien isuri duena.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow