Euskal herritarren %30ak maiz erosten du online

10 urtarrila, 2018
Kreditu txartela eta portatila.

 

Kontsumitzaileen erdiak baino gehiagok erakusleiho birtual gisa erabiltzen dute Internet

Euskadin, 15 urte edo gehiagoko pertsonen %56k onlineko bilaketak egiten ditu ezer erosi baino lehen, eta 20 eta 50 urte bitarteko biztanleen artean portzentaje hori %75eraino iristen da. Sarea erakusleiho birtual gisa erabiltzeko joera horixe da Ikusmer-ek merkataritza elektronikoari buruz eginiko azken azterlanean azpimarratu duen alderdietako bat.

 

Merkataritza Behatokiaren B2C Euskadin 2017 txostenak orobat erakusten du azken hiru hilabeteetan EAEko biztanleen %30ek artikulu komertzialak erosi dituela, multzo horretatik kanpo geratzen direlarik lanagatik erositako zerbitzu eta produktuak. Gainera, portzentaje hori ia %60koa da 20 eta 40 urte bitarteko pertsonen artean.

 

Kontsumitzaileek batez beste 221 euro gastatzen dituzte hiru hilerik behin onlineko erosketetan. Zifra hori 2011ko datuak baino txikiagoa da, eta Ikusmer-en arabera, kostu baxuko onlineko denden zabalkundeagatik eta sustapen politikengatik gertatu da jaitsiera hori. Halere, Interneten erosten duen pertsona kopurua gero eta handiagoa da, eta horri esker, Euskadiko onlineko salmentak izugarri hazi dira azken urtean, 508 milioi euroko merkatu-bolumenera iristeraino.

 

Erositako produktu motari dagokionez, ez dago sorpresa handirik: arropa eta kirola egiteko materiala daude lehen postuan, azken hiru hilabeteetan egin diren erosketa guztien %54 direlarik. Ondoren datoz etxerako produktuak (%23), liburu eta aldizkariak (%18) eta material elektronikoa (%17). Bestalde, onlineko hamar erosletik ia zortzik txartelarekin ordaintzen dute, nahiz eta paypal edo wallet gisako ordainketa-moduak apur bat hazi diren.

 

Ikusmer Behatokiaren txostenak nabarmendu duen beste ondorio bat da hiritarrek gero eta konfiantza handiagoa dutela onlineko erosketetan. Interneten ez erosteko arrazoi nagusia da (kasuen %80tik gora) elkarrizketatuek nahiago dutela denda fisiko bateko esperientzia. %34k bakarrik aipatu ditu segurtasun-arazoak eta, are gutxiagok, hau da %26k, pribatutasuna.

 

Onlineko erosketen hazkunde honek lotura estua du Interneterako sarbidea zabaldu izanarekin, gaur egun EAEko biztanle gehienek baitute aukera hori. 2017an 15 urte baino gehiagoko hamar lagunetik zortzik zuten Sarerako sarbidea, eta zifra hori ia %100era iristen da 50 urtetik beherakoen artean. Gainera, gehienak ohiko erabiltzaileak dira, 15 eta 50 urte bitarteko pertsonen %90 Interneten ibili baita azken hiruhilekoan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow