Euskal enpresek hizpide hartuko dituzte Kudeaketa Aurreratuaren etorkizuneko erronkak

17 October, 2017

Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astea azaroaren 3an inauguratuko da eztabaidarako jardunaldi batekin.

 

Berrikuntza bultzatzea, barnekintzailetza eta enpresetako parte-hartzea sustatzea, eta bezero nahiz hornitzaileen kudeaketa hobetzea, horra euskal konpainia industrialen etorkizuneko erronka handietako batzuk. Gai horiek aztertuko dira Kudeaketa Aurreratuaren Europako 23. Astearen inaugurazio ekitaldian, Bilbon, azaroaren 3an. Topaketa horretan aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren Innobideak estrategia eta 2013an martxan jarri zenetik estrategia horren barnean funtzionatzen duten lau programak: Kudeabide, Lehiabide, Pertsonak eta Prestakuntza.

 

Aurkezpen jardunaldian aukera egongo da Kudeaketa Aurreratuaren garrantziari buruzko gogoetak partekatzeko, eta, bestalde, Innobideak estrategiaren barruan proiektuak garatu dituzten euskal enpresek (hala nola, Lean Enterprise, Gamesa, Nextel eta Pernord Ricard) beren esperientziak azalduko dituzte. Asmoa da euskal konpainia industrialentzat gero eta garrantzitsuagoak diren gaiei buruz eztabaidatzea eta irtenbideak bilatzea: esaterako, langileen parte-hartzea antolakunde barruan, startupen sorkuntza lehendik existitzen diren enpresetan, edo berrikuntza ez teknologikoaren garrantzia nazioartean lehiakortasuna lortzeko.

 

Izen-ematea doakoa da, eta Euskalit Fundazioko presidente Josetxo Hernándezek inauguratuko du ekitaldia. Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Innobideak estrategia aurkeztuko du, eta Aitor Urzelaik, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendariak, ezagutzera emango ditu estrategiaren emaitzak eta hurrengo ekintzak.

 

Jardunaldian orobat parte hartuko dute Javier Echeverríak, UPV/EHUko Logika eta Filosofia Zientzietako irakasleak, “Etorkizuneko enpresaren erronkak” hitzaldiarekin, eta Idoia Fernándezek, UPV/EHUko Berrikuntza eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeak. Eztabaidan presente egongo dira Cie Automotive, Vicinay Marine Innovación eta Sisteplant enpresak.

 

Azaroaren 3ko topaketarekin hasiko da Kudeaketa Aurreratuaren egitaraua. Egitarau zabal bat da, ikuspegi desberdinetatik abiatutako ekitaldiak biltzen dituena: estrategiak, bezeroak, pertsonak, berrikuntza eta gizartea. Azaroaren 6tik 17ra izango da Kudeaketa Aurreratuaren Europako 23. Astea, eta aste barruan Kongresu bat egingo da azaroaren 6tik 10era. Euskalit Fundazioak koordinatuko du topaketa Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin (SPRI Taldearen bitartez).

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow