Euskal Autonomia Erkidegoak banda zabal ultralasterra hedatu du bertako eraikin publiko eta industrialdeetara

20 uztaila, 2016
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Arantza Tapia Euskadin banda zabaleko inbertsio planaren aurkezpenean, Jaurlaritzako Teknologia arduradunekin

Eusko Jaurlaritzak gutxienez 30 Mb-ko banda-zabalera kontratatu du Euskal Autonomia Erkidegoko 1.700 eraikin publikotarako.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek belaunaldi berriko banda zabaleko 100 Mb bermatuko ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako industrialde guztietan.

 

Bi ekimenek 18,7 M euroko inbertsio publikoa dakarte. Industriaren lehiakortasuna bultzatzea eta herri handi eta txikietan konektagarritasun-aukera berberak ziurtatzea du helburu inbertsio horrek.

 

2016ko apirilean Euskadiko 2020ko Agenda Digital Berria onartu ondoren, EAEko erakundeek –Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek– apustu argia egin dute edozein herrigunetan bizi diren pertsonen eta dauden enpresen (edozein herritakoak eta dimentsiotakoak direla ere) konektagarritasuna hobetzearen alde.

 

2020ko Agenda Digitala egitean, jarraian adierazten diren gaien inguruko lau jardun-ardatz kontuan hartu dira: merkatu globalizatuan lan egiten duten enpresak; gizarte lehiakorra eta aktiboa eraikitzea; ingurune digitalean moldatuko diren administrazioak prestatzea; eta lurralde adimenduna eta bateratua lortzea.

 

Helburu horiek ahalik eta baldintza hoberenetan lortzeko, ezinbestekoa da erakunde arteko eta sailarteko lankidetza, eta AD2020 agendak 60 ekimenetik gora zabaldu ditu behar komun batekin; hots, zentro publikoen, enpresen eta etxeen konektagarritasuna hobetzea, EAE “lurralde adimenduntzat” sendotu ahal izateko.

 

Konektagarritasuna hobetzeko ildo horretatik, Eusko Jaurlaritza eta foru-aldundiak bi jardun estrategiko lantzen ari dira, EAEko ekonomiaren eta industriaren lehiakortasuna hobetzen laguntzen dutenak, eta herrigune gutxi-asko jendeztatuetan bizi direnen aldetik konektagarritasunerako sarbidean aukera-berdintasuna lortzen ere laguntzen dutenak.

 

Banda zabalaren egoera EAEn

Nahiz eta EAE Espainiako estatuaren buruan egon banda zabalaren ezarpenean eta hedapenean, EAEko gizarteak arlo industrialean eta sozialean lehiakortasuna hobetzeko aupada batzuei aurre egin die, eta aupada horiek hobekuntzak eskatzen dituzten dauden azpiegituretan.

 

EAEko banda zabalaren egungo egoerari dagokionez, herritarren % 6 “gune zuri” gisa sailkatutako herriguneetan bizi dira.[1]

 

Etxeen konektagarritasuna kontuan izanda, etxebizitzen % 7 gune zuriko herri-unitateetan bizi dira.

spri_banda_ancha_3

 

Enpresaguneen eta industrialdeen konektagarritasunari dagokionez, industrialdeen % 45 (poligonoak direla nahiz bizpahiru enpresa biltzen dituzten guneak direla) “gune zurian” daude.

spri_banda_ancha4

 

Egoera horren aurrean, hobetzeko bi ekimen zehatz hauei heldu zaie:

–   Zuntz optikoa EAEko 1.700 eraikin publikotara zabaltzea.

 

–   Banda zabal ultralasterra EAEko industrialde guztietara zabaltzea.

 

Gutxienez 30 Mb-ko zuntz optikoa 1.700 eraikin publikotan

Joan den apiriletik, zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten 1.700 eraikinetan zuntz optikoa instalatzen ari dira.

 

Ogasun eta Finantza Saileko Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzak bultzatuta, Eusko Jaurlaritzak banda-zabalera bat kontratatu du EAEko Administrazioaren, osasun-etxeen (anbulatorioak, ospitaleak…), eskola-ikastetxeen, Lanbide Heziketako ikastetxeen, Lanbideko bulegoen eta KZGuneko zentroen zerbitzuak eskaintzen diren leku guztietan.

 

8 milioi euroko inbertsio publikoaz, jardun hori 2016ko apirilean abian jarri zen eta 2016ko urrian amaitzea aurreikusita dago.

 

Garrantzitsua gizarte-kohesiorako eta lurralde-orekarako

EAEko eraikin publiko guztietan zuntz optikoa gaitu ondoren, berori etxe partikularretara zabalduko da. Izan ere, horrela, telefonia-operadoreen lana errazten da eta haien kostuak jaisten dira.

 

Ondorio hori bereziki nabarmena da landa-zonetako herriguneen kasuan. Horietan, operadoreek normalean ez dute esku hartzen eta, horregatik, konektagarritasunean arrail digital handiagoa sortzen da gutxien jendeztatutako udalerrietako pertsonen eta biztanleria handiena biltzen duten herrien artean.

 

Orain, landa-udalerrietako eraikin publikoetan zuntz optikoa instalatuta, abiapuntu bat ezartzen da aurre egiten jarraitzeko eta gune zurietan dauden etxe, baserri eta landetxeetara banda zabala hedatzen hasteko.

 

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Landaren Garapeneko Zuzendaritza, foru-aldundiekin batera, lanean ari da hurrengo jarduna izango dena diseinatzen, banda zabalerako erabateko sarbidea ziurtatzearren udalerri txikienetan, biztanleria urrikoetan eta kokapen zailenekoetan ere.

 

Ekonomia digitalizatua eta Basque Industry 4.0

Era berean, konektagarritasun-azpiegiturak bultzatzeko politika erabakigarria da EAEko ekonomia ematen ari den jauzi kualitatiboan, ekonomia digitalaren etorkizunari dagokionez, baita industriari dagokionez ere, Basque Industry 4.0 estrategiaren inguruabarrean.

 

EIKTak, fabrikazio aurreratua eta 4.0 industria erabiltzeak egunez egun konektagarritasun handiagoa eskatzen du, baita datuak biltegiratu eta prozesatzeko ahalmen handiagoa ere.

 

Interneten erabilera gero eta biziagorako enpresen aldetik dagoen eskaria kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek beharrezkotzat jotzen dute zerbitzu hori enpresa guztiei hornitzea, enpresa- eta industria-jarduera lehiakortasunaren aldetik hobetzen lagunduko duen euskarritzat.

 

Horregatik, Gobernu Kontseiluak laguntzen agindu bat onartu zuen atzo banda zabal ultralasterra enpresen guneetara eta industrialdeetara zabaltzeko.

 

Europar Batasunak berak lehentasunezkotzat ezarri du jardun-ildo hori. Hala, belaunaldi berriko azpiegiturak garatzeko laguntza publikoak ematea baimendu du.

 

Banda zabal ultralasterra enpresa-eremuetan eta industrialdeetan

10.700.000 euroko laguntzen deialdiak sustatu egingo du banda zabal ultralasterra hedatzea jarduera ekonomikoak (lehenespenez, industrialak) egiten diren edo egitea aurreikusita dagoen EAEko eremu geografikoetan, baldin eta “NGA gune zuritzat” hartzen badira; hau da, NGA banda zabalaren baldintzetan sarbide-zerbitzuak ahalbidetuko dituen telekomunikazio-azpiegiturarik egon ez eta hurrengo 3 urteetan halakorik egotea aurreikusita ez dagoen gunetzat.

 

Ekimen horren helburua da industria-enpresek oso abiadura handiko (gutxienez, 100Mbps) Interneteko sarbide-zerbitzuak edukitzea, bi norazkoetan datuak transferitzeko mugarik gabeko ahalmenaz, jarduera ekonomikoen kontzentrazioak hala eskatzen duen eremu guztietan (enpresa-kontzentrazio handiko industria-poligonoetan ere).

 

Laguntzak telekomunikazio-operadoreei emango zaizkie. Horretarako, NGA banda zabala hedatzeko proposamenak aurkeztu behar dituzte; zehazki, mota horretako sarerako estaldurarik ez duten eta hurrengo hiru urteetan inolako operadoreren aldetik hedatze-planik aurreikusita ez dagoen enpresa-poligonoetara hedatzeko proposamenak.

 

Laguntzak mugatu egingo dira gainerako operadoreek erabili ahal izango dituzten sare-azpiegiturak sortzeko edo egokitzeko.

 

Enpresa-poligonoen sorta bakoitzeko norgehiagoka-erregimenean, diru-laguntzak ez dira itzulgarriak izango eta proiektu bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsioen % 40 hartuko dute.

 

Prozedura ebazteko gehienez sei hilabeteko epea egongo da, hura EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 16 hilabetekoa izango da, laguntzak jakinarazten diren datatik hasita.


 

[1] Zona zuria: belaunaldi berriko banda zabaleko azpiegiturarik egon ez eta etorkizun hurbilean (hiru urteko epean) halakorik egoteko aukera gutxi dagoen gunea.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow