“Puntako enpresa asko etorriko dira Europython kongresura talentu bila”

7 uztaila, 2016
Europython ekitaldiaren XV. edizioa Euskalduna Jauregian egingo da.

Uztailaren 17tik 24ra Python programazio lengoaiari buruzko Europako kongresu handiena egingo da Bilbon.

 

Google, Facebook, Pixar eta beste enpresa batzuek ere Python erabiltzen dute. Python kode irekiko programazio lengoaia bat da, mundu osoan barreiatutako komunitate handi bat daukana. Bilbo gune neuralgiko bihurtuko da astebetez lengoaia hori erabiltzen duten profesionalentzat; ekitaldiak 1.500 parte-hartzaile inguru bilduko ditu eta nazioarteko 200dik gora hitzaldi eskainiko ditu. Ekitaldia antolatu duen Python San Sebastián erakundeko presidentearekin, Oier Etxanizekin, hitz egin dugu.

 

Zer da Europython?

 

Python programazio lengoaiari buruzko Europako kongresu handiena da. Programazio lengoaia hori oso sinplea, argia eta garbia da, eta esparru askotan erabiltzen da dagoeneko. Gaur egun asko erabiltzen da, adibidez Big Data-ren esparruan, baina bere ezaugarriak direla-medio beste arlo batzuetan ere aplikatzen ari da, esaterako hezkuntzan, haurrek programatzen ikas dezaten.

 

Kongresuak jardueraz betetako zortzi egun iraungo du. Zeintzuk dira aipagarrienak?

 

Ekitaldia igandean hasiko da, Python lengoaiarekin programatzen ikasteko bi ikastarorekin. Django Girls da lehena, 16 eta 18 urte bitarteko neskei zuzendua, programatzen has daitezen web orri bat garatuz. Bigarrenak Beginner’s Day du izena, aurtengo nobedade bat da eta espreski programatu dugu, hasiberriek ere Python munduan sartzeko aukera izan dezaten. Beste nobedade batzuk ere izango dira aurten, astean zehar ezagutuko direnak.

 

Eta hitzaldiak?

 

Sei hitzaldi nagusi izango ditugu kongresuan. Astelehenean Nicholas Tollervey etorriko da. Tollerveyk Erresuma Batuko eskoletan erabiltzen duten BBC micro:bit xaflarekin lan egiten du. 7 edo 8 urte bitarteko ikasle bakoitzak horrelako bat dauka, Python lengoaiaren bertsio murriztu bat erabiliz programatzen ikasteko. Baita ere astelehenean hizlari arituko da Rachel Willmer, zeinak 20 urte baitaramatza lan finkorik gabe. Berak azalduko digu nola bizi daitekeen enpresa edo kontratu egonkorrik gabe, Python lengoaiarekin proiektuak eginaz. Asteartean Disney enpresako Paul Hildebrandten txanda izango da, zeinak azalduko baitu nola erabiltzen duten Python animazioak sortzeko. Asteazkenean, berriz, LIGO proiektuko Jameson Rollins, uhin grabitazionalak detektatzen lagundu zuten informatikarien taldeko kidea, arituko da hizlari lanetan. Naomi Ceder ere kongresuan egongo da, mundu osoko komunitatea kudeatzen duen Python Software Foundation erakundeko ordezkaria. Azken hizlaria Gaël Varoquaux izango da, eta azalduko du nola bihurtu den Python lengoaia zientifiko. Hitzaldi horiek eta programatuta dauden 200 hitzaldietako gehienak ingelesez izango dira, baina bi egunetan eskainiko direnak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.

 

Zer suposatzen du Bilborentzat kongresua hirira ekartzeak?

 

1.000 lagun baino gehiago espero ditugu, eta hori inpaktu handia da hiriarentzat, batez ere ostalaritzarako eta hotelen sektorerako. Era berean, Europako eta munduko punta-puntako enpresa asko etorriko dira beren antolakundeetako postu batzuk betetzeko talentu bila. Beraz, baliteke Python ondo erabiltzen dakitenek eta lan bila dabiltzanek lanpostu bat aurkitzea Europython ekitaldian.

 

Zergatik erabiltzen da lengoaia hori Google edo Facebook bezalako enpresa handietan?

 

Facebook-ek Python erabiltzen du gomendio sistemarako. Lagunak edo estekak iradokitzen dizkizunean, gomendio horiek kalkulatzen dituzten programak Python lengoaiarekin egiten dira, eta gauza bera Google-n eta bilatzaileko bere gomendio sistemaren kasuan. Zergatik? Komunitateagatik. Kode irekian oinarrituta dago, eta horrek esan nahi du edonork proposatu ditzakeela nobedadeak edo ideiak; denak ebaluatzen dira, eta onartuz gero, programazio lengoaiari eransten zaizkio. Jende askok lan egiten du Python lengoaiaren iturri-kodearekin, eta enpresa askok eskaintzen dute libreki beren kodea, komunitateak erabil dezan eta, aldi berean, berau hobetzen lagundu dezan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow