European Maker Week, maker mugimendua ospatzeko astea

9 March, 2016

Maker kultura asko hedatu da Europan azken urteotan, eta gaur egun, Fablab, makerspace eta fabrikazio digitaleko laborategi gehien dituen kontinentea da. Gero eta hiri gehiagotan daude Arduino, 3Dko inprimaketa edo robotika bezalako teknologiekin esperimentatzeko espazioak. Esperimentazio hori esparru oso desberdinetan egiten da, esaterako, hezkuntzan, ekintzailetzan eta sorkuntza hiritarrean.

Hala ere, ekimen horien arteko loturak urriak dira, eta tokiko ingurunean ez dira ezagutzen maker komunitate horiek egiten dituzten lanak. Horregatik, sareak sortzeko eta maker mugimenduaren potentziala ikusarazteko sortu da European Maker Week. Ekimen hori maiatzaren 30etik ekainaren 5era antolatuko da, Europako Batzordeak sustaturik eta Startup Europe eta Maker Faire Rome ekimenek bultzatuta.

Asmoa da ekitaldien sorkuntza sustatzea Europa osoko hirietan, tokian tokiko Fablab, makerspace eta eskola edo unibertsitateetako laborategiek edo maker munduarekin lotutako edozein komunitatek antolatuta. Beraz, tokiko talde sustatzaile bakoitzak antolatuko du topaketa, betiere European Maker Week ekimenaren laguntzarekin.

Ekitaldiak era askotakoak izan daitezke: tailerrak, hitzaldi egitarauak, proiektuak erakusteko azoka txiki bat, beste sektore batzuetako profesionalekin (enpresa arlokoak, arduradun politikoak, irakasleak, e.a.) eginiko topaketak sinergia berriak sortzeko… Formatua eta edukiak irekiak dira guztiz. Hori bai, ikuspegi dibulgatiboa izan behar dute, eta sare bat josi behar dute maker komunitateen, hiritarren eta beste eragile batzuen artean. Ekitaldi bat antolatu nahi duten baina maker munduarekin esperientziarik ez duten eskolek ere parte hartu dezakete; horretarako, European Maker Week ekimenak jarriko ditu harremanetan inguruko adituekin. Datorren apirilaren 20an amaituko da astearen barruan ekitaldiak erregistratzeko epea.

Startup Europe Europako Batzordeak bultzatutako lantalde bat da, eta helburutzat du IKT ekintzaileen eta oinarri teknologikoko startup-en ekosistema indartzea. Otsailaren 1etik 5era antolatu zen Startup Europe Week ekimenaren lehen edizioa; antzeko formatua duen proposamen bat da, baina helburu nagusitzat du enpresa teknologiko berriak harremanetan jartzea balizko inbertitzaileekin, kolaboratzaileekin eta arduradun politikoekin. Ekimena 220 hiri baino gehiagotan egin zen, besteak beste Gasteizen, BIC Arabak antolaturik.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow