Enpresek 100.000 eurorainoko finantzaketa lor dezakete
EDI proiektuaren helburua da datu handietan oinarritutako produktu eta zerbitzu belaunaldi berri bat bultzatzea. Europa mailako ekimen horren arabera, enpresek datu kopuru handiak sortzen dituzte, baina ez dute ez estrategiarik ez tresnarik datu horien balioa aprobetxatzeko, eta horrek beren lehiakortasuna hobetzeko aukera handi bat galarazten die. Erronka horri aurre egiteko, European Data Incubator ekimenak aukera eskaintzen die startup eta ETEei negozio-ideia berriak garatzeko, behar dituzten prestakuntza eta finantzaketa tresnak eskainiz. Ekimen hori Horizontea 2020 programa europarraren barruan dago, Deustuko Unibertsitateak zuzentzen du –beste bost bazkiderekin batera- eta guztira 7,7 milioi euroko aurrekontua du 140 enpresaren hazkuntza-prozesurako.
Dagoeneko zabalik dago ETE eta startupei zuzendutako lehen deialdia. Konponbideak bilatu behar zaizkie programaren barruko datu-hornitzaileek proposatutako erronka komertzialei. Hala, parte-hartzaileek EDIren onlineko katalogora bildutako erronkaren bat aukeratu behar dute. Erronkak era askotakoak dira: energiaren kudeaketa, 4.0 Industria, hiri adimendunak edo marketin digitala, besteak beste. Hortik abiatuta, enpresek erabiliko dituzten datuak aukeratu beharko dituzte, eta hazkuntza-programan izena eman ekainaren 27a baino lehen.
Aukeratutako lantaldeek proiektuaren fase desberdinak garatuko dituzte irailetik hasi eta 2019ko apirilera arte, eta proiektu bakoitzak aukera izango du 100.000 eurorainoko finantzaketa (fondo galdura) eskuratzeko. Gainera prestakuntza espezifikoa jasoko dute datu handiei buruz, negozio-ideia garatzeko laguntza emango zaie, eta beste finantzaketa iturri batzuetarako bidea irekiko zaie. Asmoa da prozesu horren bitartez konponbide berritzaileak garatzea, datuak erabiliz enpresen ohiko arazoei erantzuteko.
European Data Incubator ekimena Big Data Value PPP hitzarmenaren barruan sartzen da. Europako Batzordeak sinatu du hitzarmen hori industriako eta akademiako bazkideekin batera, datuetan oinarritutako Europako ekonomia bultzatzeko. Deustuko Unibertsitateko MoreLab ikerketa-taldeak koordinatzen du EDI, eta partzuergoko kide dira baita ere Zabala aholkularitza, F65 Network Limited startupentzako sare soziala, Engineering talde italiarra eta Etventure Startup Hub konpainia alemana. Horiez gain, hamabost bat enpresa eta antolakundek parte hartzen dute proiektuan datu hornitzaile gisa.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?