Etxegoki proiektuak Berrikuntza Sozialaren saria irabazi du Quality Innovation Awards sariketan

20 December, 2016

Proiektuak laguntzadun 32 etxebizitza ditu ezgaitasunak dituzten pertsonentzat.

 

Etxegokik, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako laguntzadun etxebizitzen foru zerbitzuak (Fekoor-ek kudeatzen du), Quality Innovation Awards saria irabazi du Berrikuntza Sozialaren kategorian. 2011n abiarazitako ekimen horrek elkarrekin uztartzen ditu domotika arloko azken teknologiak eta berrikuntza sozialeko estrategiak, ezgaitasun fisikoak dituzten pertsonek bizitza independentea izan dezaten.

 

Etxegokik Bilboko Txurdinaga auzoan kokatutako 32 etxebizitza ditu, pertsona bakoitzaren premiei egokitutako teknologiekin ekipatuak, besteak beste, ingurunea kontrolatzeko sistema domotikoak (argiak eta aparatu elektronikoak pizteko eta ateak ahotsarekin itxi eta irekitzeko sistemak) eta guztiz egokitutako diseinu espaziala. Proiektuaren planifikazioari dagokionez, pertsonengan zentratutako metodologia parte-hartzailea erabili da eta zerbitzuaren erabiltzaile guztiek elkarrekin hartu dituzte erabakiak.

 

Etxegoki zerbitzuaren helburua da etxebizitza horietan bizi diren pertsonek ahalik eta bizitza independenteena izan dezatela, kontuan hartuz beren premia, ohitura eta usadioak, eta komunitatean aktiboki parte har dezatela. Zerbitzuak bi elementu konbinatzen ditu helburu horiek lortzeko: laguntzaile talde bat, profesional laguntzaileek eta bizitza independenterako teknikariek osatua; eta teknologia etikoki erabiltzeko eredu bat.

 

Fekoor erakundeak (Ezintasun Fisikoa edota Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazioa) kudeatzen du espazioa, eta mendekotasun maila desberdinak dituzten 34 laguni (18 eta 65 urte bitartekoak) ematen dio zerbitzua. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako proiektu hori Gizarte Zerbitzuen euskal sistemaren zorroan sartuta dago.

 

Quality Innovation Awards saria Euskadin ematen den berrikuntza arloko saririk garrantzitsuenetakoa da. Sari hori eskuratu ondoren, proiektua nazioarteko fasera igaroko da, zeina Pragan egingo baita datorren otsailean. Han, beste 11 herrialdetako ekimenekin lehiatuko da.

Etxegoki

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow