Virtualware enpresak Virtual Rehab aplikazioaren bertsio berria aurkeztu du Osasun arloko Jokoen Kongresuan

17 June, 2015

Teknologia murgiltzaile eta interaktiboetan espezializatutako Virtualware euskal enpresak Madrileko Osasun arloko Jokoen Kongresuan aurkeztu ditu osasun arloko bere azken konponbideak, joko serioetan eta errehabilitazio terapien simulatzaileetan oinarrituak. Enpresa taldeak VirtualRehab plataformaren 3.0 bertsioa aurkeztu du; plataforma horretan jasota daude endekapenezko gaixotasun neurologikoak, gaixotasun neuro-muskularrak eta zerebro-baskularrak dituzten pazienteen tratamenduetarako diseinatutako bideojokoak eta ingurune birtualak.

Sistema hau garatzeko, neurologo eta fisioterapeuta adituen laguntza izan du enpresak, eta gamifikazioaren potentziala aprobetxatu du pazienteen errehabilitazio terapiak indartzeko, tratamenduarekiko atxikipena handituz. Plataforma honek baita ere barne hartzen ditu Microsoft enpresaren Kinect teknologian eta Leap Motion sisteman oinarritutako jokoak, zeintzuen bidez zehaztasun handiz atzeman baitaiteke gorputz-adarren, eskumuturren nahiz hatzen mugimendua. Hala, errehabilitazio ariketak erronka txiki bihurtzen dira ingurune birtual batean. Sistema bereziki diseinatuta dago osasun eta errehabilitazio zentroetarako, baina etxeetan ere erabil daiteke, zeren, VirtualRehab plataformaren lainoko bertsioari esker, profesionalek jarraipena egin baitiezaiekete etxean egiten diren tele-errehabilitazioko terapia eta saioei. Plataformak dagoeneko 13.000 saio eta 1.300 joko ordu baino gehiago metatu ditu mundu osoko osasun zentroetan.

Osasun arloko Jokoen Kongresuaren barruan, ekainaren 16an ate irekien jardunaldi bat antolatu zen, profesionalei, ikasleei eta publiko orokorrari erakusteko osasun arloko joko serioek eskaintzen dituzten aukerak. Espazio horretan Virtualware enpresak beste produktu propio batzuk aurkeztu zituen, hala nola VirtualTriangle prestakuntza simulatzailea, zauritu bat baino gehiagoko larrialdi kasuetan biktimak aukeratzen eta sailkatzen ikasteko programa eta VirtualCPR bihotz-biriketako suspertze teknikan entrenatzeko softwarea. Sistema bereziki diseinaturik dago osasun arloko langileei eta eskoletako, kirol instalazioetako edo merkataritza-guneetako langileei mota horretako maniobrak egiten erakusteko. Esan bezala, Virtualware-k bestelako garapenak ere aurkeztu zituen, hala nola Surgical Checklist, erizainak prestatzeko tresna eta VirtualRet, ingurune birtualak erabiliz antsietate eta fobia nahasteak tratatzeko sistema.

Virtualware enpresa-talde teknologiko bat da, osasun eta prestakuntza arloetarako software eta hardware interaktiboen garapenean espezializatua dagoena. Bulegoak ditu Espainian, Erresuma Batuan, Mexikon eta Txilen, eta badu baita ere nazioarteko bazkide sare bat.

Errehabilitazio neurologikorako bideojoko terapeutikoa

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow