Video for All: bideoa erabiliz hizkuntzak ikasteko metodologia berritzaileak

7 September, 2015

Ikus-entzunezko edukiak sortzeko tresnak baliabide egokiak izan daitezke hizkuntzak modu aktibo eta ludikoan irakasteko. Hainbat formula daude atzerriko hizkuntzak testu-liburuetako ariketa tradizionalen bidez baino askoz modu dibertigarriagoan ikasteko, adibidez: telebistako iragarki bat imitatuz hiztegia ikastea, lanerako ahozko aurkezpenak egitea multimedia edukiekin edo Skype bidez elkarrizketa saioak egitea beste herrialde batzuetako ikasleekin.

Video for All proiektua Europako Batzordeak bultzatutako ikerketa bat da, zeinaren bidez jaso nahi baitira bideo digitalean oinarriturik dauden eta hizkuntzak ikastera zuzenduta dauden metodologiak, ideiak eta praktikak. Ekimenean parte hartzen dute, besteak beste Espainiako, Erresuma Batuko, Alemaniako, Txekiar Errepublikako, Italiako eta Bulgariako unibertsitateek, hizkuntza zentroek eta pedagogiako adituek, eta bere helburua da irakasleei ikasgelan erabil ditzaketen material eta baliabideak eskaintzea.

Ekimen honetan bideo digitala erabiltzen da baliabide pedagogiko gisa, aukera bikainak eskaintzen dituelako hizkuntza berri bat ahoz nahiz idatziz lantzeko eta gaitasun komunikatibo eta sortzaileak garatzeko. Plataforman hainbat ariketa praktiko daude, esaterako pelikula zati batean azpi-tituluak sartzea, film labur bat egitea elkarrizketadun eszenak sortuz edo bideoklip musikalak egitea.

Praktika bakoitzak fitxa pedagogiko bat dakar, eta adin eta zailtasun mailaren araberako sailkapen bat ere bai. Gainera, proiektuak hainbat baliabide bibliografiko dakartza ikus-entzunezko sorkuntzaren bidez ikasteko, eta Interneten dauden tresnen biltegi bat ere eskaintzen du irakaskuntza jarduerak egiteko, adibidez: sakelakoarekin bideoak grabatzeko eta editatzeko aplikazioak edota lainoko softwarea, musika eta irudiak nahasteko edo pelikuletan azpi-tituluak sartzeko. Asmoa da irakasle eta ikasleei hizkuntzen ikaskuntzarako material guztiak eskaintzea, edukiak berrerabili eta ikasgelan aplika ditzaten.

Irailaren 27tik 30era, Video for All proiektuko arduradun diren nazioarteko adituak Bilbon elkartuko dira eta hainbat lan-jardunaldi egingo dituzte Deustuko Unibertsitateko Deusto-Tech Life Laborategian. Ekimenak Europar Batasuneko Lifelong Learning programaren finantzaketa jasotzen du, eta aurtengo abenduan amaituko da, ikerketaren azken emaitzak argitaratzen direnean.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow