Maker mugimenduan barneratzeko biziraupen eskuliburua

29 September, 2015

Maker mugimendua” terminoa 2005. urte inguruan hasi zen zabaltzen, Make Magazine aldizkari estatubatuarra kaleratu zenean. Argitalpen horren bidez azaltzen zen nola egin do it yourself proiektu teknologikoak, informatika, elektronika edo zurgintza erabiliz. 2006an lehenengo Maker Faire azoka egin zen Kalifornian eta ia hamar urte geroago maker mugimendua mundu osora zabaldu da  hiritarren laborategien, komunitateen eta maker azoken bitartez.

Hala ere, gaztelaniaz oraindik ez dago argitalpen askorik fabrikazio digitaleko teknologietan oinarritutako proiektuak nola abiarazi azaltzeko, eta baliabide gehien-gehienak ingelesezkoak dira. Horregatik, Makespace Madrid elkarteak eskuliburu bat egitea erabaki zuen iaz. Eta eskuliburu horretan beren esperientzian oinarrituriko ezagutza eta teknikak jaso dituzte, beste edonork edo edozein kolektibok erabil ditzan beren tailer eta proiektuetan. Eskuliburuaren prestaketa prozesua bukatutakoan, eta Goteo.org atarian ekimena finantzatzeko crowdfunding kanpaina bat ireki ondoren, irailean argitaratu da Biziraupen Eskuliburuaren onlineko lehen bertsioa, modu irekian.

Gidan lehenbizi maker mugimenduari buruzko hitzaurre txiki dago, eta hortik aurrera askotariko teknologiak aipatzen dira, esaterako, 3D inprimaketa, Arduino xaflak, Gauzen Internet edo laser ebaketa. Teknologia bakoitza zertan datzan adierazi ondoren, software nahiz hardware librean oinarritutako proiektuak azaltzen dira urratsez urrats. Esaterako, eskuliburuak azaltzen du nola egin txalo bidez pizten den lanpara bat edo estazio meteorologiko bat Arduino xafla bat erabiliz; nola egin Internetera konektatutako termometro digital bat edo nola egin  teklatu musikal bat fruta piezak erabiliz.

Eskuliburua lizentzia irekiak erabiliz argitaratu da erabilpena sustatzeko, eta beste pertsona batzuek osatu eta hobetu dezaten. Lantaldeak  inprimatutako bertsio bat ere argitaratuko du aurrerago. Makespace Madrid irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, sorkuntza arloan diharduena fabrikazio digitaleko proiektu eta prototipoen bidez. Eskuliburu hau da elkarte bezala egin duen lehen proiektua, eta helburutzat du beste kolektibo batzuek fabrikazioari buruzko beren sorkuntza tailerrak bultza ditzatela maker mugimenduaren oinarriak jarraituz, besteak beste, hauek: ezagutza trukea, teknologien berrerabilpen sortzailea eta “egizu beste batzuekin” printzipioa.

Maker Biziraupen Eskuliburua

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow