UdaTIK-ek beste edizio bat plazaratu du teknologiak gazteei hurbiltzeko

10 June, 2015

Uztailaren 6tik 17ra Getxon egingo da UdaTIK kanpaldi teknologikoen bigarren edizioa. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen ditu BiscayTIK Fundazioaren bidez. Campusa 9 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta helburutzat du neska-mutilak teknologien eta informatikaren munduan barneratzea dibertsioaren bidez.

Bi astetan zehar parte-hartzaileek programazioko, diseinu grafikoko eta Internet inguruneetako tresnak erabiltzen ikasiko dute eta taldeko lana, lankidetza eta sormena bultzatuko dira. Horrez gain, kanpaldi teknologikoak irauten duen bitartean parte-hartzaileek hainbat gauza ikasiko dituzte. Bideojokoak eta animazioak diseinatuko dituzte MITen Scratch programazio lengoaia erabiliz eta Wimi5 erabiliko dute, euskal startup batek html5 jokoak sortzeko egin duen plataforma. Baita ere erabiliko dituzte grafiko eta irudi digitalak editatzeko Inkscape eta Gimp programak.

UdaTIK kanpaldietan modu ludikoan ikasten dute horrelako tresnak erabiltzen. Taldeka garatzen dituzte  proiektu praktikoak eta ez dute aldez aurreko ezagutzarik behar. Gainera, campusetan gazteek ekintzailetzaren eta teknologien munduko profesional eta adituen bisitak jasoko dituzte. Wimi5 startup-eko, Datuen Babeserako Euskal Elkarteko eta Athletic Club-eko ordezkariak etorriko dira BiscayTIK Fundazioaren Getxoko egoitzara eta sektorearekin lotutako esperientzia pertsonal eta profesionalak azalduko dizkiete neska-mutilei. Bake Eder Ezagutza Zentroko instalakuntzak ere bisitatuko dituzte, han martxan dauzkaten proiektu teknologikoak ezagutzeko.

Kanpaldi teknologikoan komunikazioa euskaraz egingo da, baina software tresnak ingelesez erabiliko dira hizkuntza horren erabilera ere sustatzeko. UdaTIK kanpaldi teknologikoaren izen-ematea doakoa da eta BiscayTIK web orriaren bitartez egin daiteke uztailaren 30era arte.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow