Oboid enpresak smartphone teknologiak erabiltzen ditu igogailu interaktiboak sortzeko

6 October, 2015

Oboid enpresa teknologikoa eta Iza igogailuen euskal konpainia elkarrekin ari dira lanean proiektu bat garatzeko eta proiektu horren bidez informazio interaktiboko zerbitzua eskaintzeko igogailuen barnealdean. Produktua Visualiza izenarekin merkaturatu dute eta Android sakelakoen aplikazioetako teknologia eta interfazeak aplikatzen ditu igogailuen barnealdeko pantailetan, erabiltzaileek eduki pertsonalizatuak eskuratu ditzaten.

Zerbitzu honi esker, informazio meteorologikoa eta eguneko albisteen laburpena bistaratu ahal izango dira, edo baita ere igogailuaren mantenimenduari buruzko jakinarazpenak eta finka-administratzailearen edo auzokideen komunitatearen abisuak, erabiltzaileen lehentasunen arabera. “Guk interfazearen diseinua eta programazioa garatu ditugu, eta zerbitzariarekin informazioa trukatzeko sistema ere bai” azaldu du David Díaz de Duranak, Oboid enpresako zuzendari nagusiak. “Sistema igogailuaren beraren aldagaietara eta Iza enpresaren zerbitzarietara konektatzen da, auzokoek aukeratzen dituzten mezuak  eta Interneteko informazioa erakusteko, esaterako albisteak edo datu meteorologikoak”.

Proiektua 2014an jarri zen martxan A+g aholkularitzaren laguntzarekin. Gaur egun dispositiboak txertatzeko prozesuan daude, eta 2016aren hasieran Iza igogailuen barruan salduko dute zerbitzua. Hortik aurrera auzokoen komunitateei, eraikinetako komertzialei edota hotelei eskainiko diete; azken horietan bezeroei zuzendutako eskaintzak ere erakutsi ahal izango dira pantaila interaktiboetan. Etorkizunean, sistemak bere zerbitzuak zabalduko ditu funtzionaltasun berriak eskainiz, esaterako datuen erregistroan oinarritutako akatsen aurreikuspena, bideo bidezko euskarri zerbitzua edo tele-mantenimendu zerbitzua.

Oboid startup teknologikoak Internetera konektatutako atezain automatiko bat ere garatu zuen CEiArentzat, Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroarentzat, hantxe baitago kokatuta bere lantaldea. Baita ere aztertzen ari dira zein aukera dagoen interfazeak beste sektore batzuetako makinetan aplikatzeko, ukimenezko pantaila gardenak erabiliz.

Oboid enpresa 2012an sortu zen UPV/EHUren Arabako Campuseko Agudezia ekintzailetza programaren barruan, eta Android teknologia mugikorren potentziala sektore industrialetara eramatea da bere espezialitatea.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow