Mugikaria, albisteen euskarazko lehen aplikazio natiboa mugikorrentzat

21 September, 2015

Nazioartean nagusitzen ari den joera batean inspiraturik, CodeSyntax enpresak Mugikaria proiektua merkaturatu du Alianzo Networks eta Talaios S. Coop konpainiekin batera. Albisteak jasotzeko euskarazko aplikazio natibo bat da, telefono mugikor adimendunetarako egina. Aplikazio horrek hiru euskal konpainiek sortutako eduki esklusiboak eskaintzen ditu, eta baita ere euskarazko hedabideetan argitaratutako albiste zenbait.

Mugikaria Android eta iOS sistema eragileekin erabili daiteke eta egunean bi edizio egiten ditu, goizean bat eta arratsaldean bestea. Edizio horietako bakoitzean 4-10 albiste jasotzen ditu, batez ere ekonomiari, teknologia berriei eta startup-ei buruzkoak eta iritziak edo analisi prospektiboak ere bai. Aplikazioa momentuz dohainik eskuratu daiteke, baina lantaldea negozio-eredua aztertzen ari da: hau da, harpidetzaren formula aplikatzea edo zenbait eduki eskuratzeko ordaindu behar izatea, beste eduki batzuk irekiak izango liratekeelarik Creative Commons lizentzia pean. Lantaldea aztertzen ari da baita ere Mugikaria hainbat hizkuntzatan eskaintzeko aukera, enpresa, antolakunde edo komunikabideentzako “marka zuri” gisa.

“Albisteen euskarazko lehen aplikazio natiboa mugikorrentzat”, azaldu du Eneko Astigarragak, CodeSyntax enpresako kudeatzaileak. “Sakelakorako eduki esklusiboak sortzeko joera nagusitzen ari da, besteak beste, Estatu Batuetan eta Britainia Handian, eta joera horrekin esperimentatzea erabaki dugu, merkatu nitxo bat izan baitaiteke guretzat”. Zentzu horretan, The Economist Espresso edota Yahoo News Digest gisako aplikazioak izan dituzte inspirazio iturri, eta oraingoz albiste guztiak euskaraz argitaratu dituzten arren, baliteke etorkizunean Mugikaria beste hizkuntza batzuetan ere eskaintzea.

CodeSyntax enpresak egin du Mugikaria aplikazioaren garapen teknologikoa, eta edukiak berriz lankidetzan idazten dituzte hiru erakunderen artean: Alianzo enpresaren Gananzia bloga, enpresei buruzko informazioa ematen duena; Talaios enpresa gipuzkoarrak sortutako Etzi.pm weba, analisi prospektiboak egiten dituena; eta CodeSyntax enpresaren Sustatu.eus komunikazio kanala. Merkaturatu zenetik dagoeneko 1.000 deskarga lortu ditu, eta urte amaierarako 3.000 deskargara iristea lortu nahi dute.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow