IKTen sektoreko euskal enpresak dira gehien berritzen dutenak eta I+G-n gehien inbertitzen dutenak

30 September, 2015

Euskadiko Informazio eta Komunikazio Teknologien sektoreak euskal enpresa guztien %1,5 ordezkatzen du, baina EAEn I+G-ko jarduerak egiten dituzten konpainien %10,6 dira. Eustatek argitaratutako 2013ko zifren arabera, EAEko IKT arloko enpresak dira berritzaileenak, bai Euskadiko enpresa guztiekin alderatuta eta baita ere Estatuko globalarekin konparatuta.

Estatistikaren Euskal Institutuak dioenez, IKT arloko konpainien %7,6k I+G-n inbertitzen dute; Euskadin, aldiz, portzentaje hori guztizkoaren %1,07 da. IKT arloko  %21,8 berritzaileak dira, eta euskal enpresen batez bestekoa, berriz, %12,7 da. 10 langile edo gehiago dituzten konpainien zifrei dagokienez, %52,5 dira I+G-n inbertitzen dutenak, EAEko guztizkoaren %28,4arekin konparatuta. Zifra horiek Estatuko portzentajeen gainetik daude, zeintzuen arabera IKT arloko enpresa berritzaileak %37,8 baitira, eta berrikuntzaren intentsitatearen adierazleak ere handiagoak dira: euskal konpainien kasuan %4,4 da, eta Estatuan, aldiz, guztizkoaren %2,3.

Guztira, IKTen euskal sektorean 2.275 enpresa daude. Enpresa horiek 21.110 langile enplegatzen dituzte eta euskal ekonomiaren %2,2 sortzen dute -2013ko datuak-. Sektoreka, enpresa gehienak zerbitzuen sektorekoak dira (2.202), eta gainerako 73 konpainiak industriaren sektorekoak. Hala ere, enpresen %3 horrek ordezkatzen du Informazio eta Komunikazio Teknologiekin lotutako enplegu guztiaren %17, eta Euskadiko IKT arloko ekonomiaren %13 sortzen du, 3.421,5 milioi euroko negozio zifra alegia.

Bestalde, IKTen sektoreak ez du pisu handirik kanpo merkataritzan, EAEko  esportazioen %1,1 eta inportazioen %1,7 ordezkatzen baitu. Truke horietako produktu ohikoenak osagai elektronikoak dira, esportazioen %50,7 direlarik.

Hala, Eustat-ek emandako datuen arabera, IKTen sektoreko enpresek gainerako euskal enpresek eta Estatuko batez bestekoak baino gehiago inbertitzen dute I+G-n eta berritzaileagoak ere badira. Teknologiak ere gehiago erabiltzen dituzte: %97,6k Internet erabiltzen du –sektore guztietako %81,2aren aldean-, eta %78,4k web orria du –sektore guztietako %56,7aren aldean-. Desberdintasunak are nabarmenagoak dira erosketa elektronikoen arloan, Euskadiko IKT arloko enpresen %53,8k egiten baititu, guztizkoaren %19,7ren aldean. Bestalde, zenbakiek erakusten dute Internet bidezko salmenta oraindik ez dela gehiegi erabiltzen; hala, IKTen sektorean %12,8k jotzen du Internet bidezko salmentara, eta %5,2k bakarrik Euskadiko konpainia guztiak kontuan hartuta.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow