Getxoko kirolari-komunitateek sare digitalak josi dituzte #GetxoKirolak proiektuarekin

1 July, 2015

Getxoko 50 kirol klub eta elkarte inguruk parte hartu dute #GetxoKirolak ekimenean. Ekimen horren bidez tresna digitalak aprobetxatuko dituzte kirolarekin lotutako herriko komunitate eta pertsonak elkarri konektatzeko. Proiektu horren helburua da prestakuntza ematea kirol erakundeei IKTak eta tresna kolaboratiboak erabiltzeko, komunikazio-jardunbide egokiak hedatzea esparru digitalean eta harreman espazio berriak sortzea Sarean nahiz Saretik kanpo.

Getxoko Udalak eta Komunikatik eta Korapilatzen erakundeek bultzatu dute ekimena eta urte honetako martxotik maiatzera bitartean egin da. Zortzi prestakuntza tailer horietan, 200 pertsona inguru komunikazio digitalaren munduan barneratu ziren eta Interneteko kolaborazio-dinamika berriak ere ikasi zituzten. “Parte-hartze profilak oso desberdinak ziren, batzuek ez zekiten halako tresnarik ere bazenik eta beste batzuek, aldiz, zenbait klubek, adibidez, bazituzten estrategia digitalak baina aldatu egin nahi zituzten” azaldu du Korapilatzen erakundeko Asier Gallastegik “interesak ere oso desberdinak ziren; batzuek tresnak erabiltzen ikasi nahi zuten barne komunikazioa hobetzeko edo bazkideak bilatzeko, beste batzuek, berriz, aliantzak egin nahi zituzten inguruko kirol klubekin edo kirolari-komunitateekin”.

Prestakuntza teknologikoaz gain, prozesuan zehar online eta offline munduak nahasten dituzten ekintza kolektiboak jarri dira martxan. Esaterako, traola fisikoak sortu ziren kirol materialak erabiliz, bideo laburrak grabatu zituzten “zer da zuretzat Getxon kirola egitea” galderari erantzunez, edota deialdi bat egin zuten Instagram erabiltzen duten gazteek kirolarekin lotutako baloreak atzeman zitzaten beren argazkietan. “Gure helburuetako bat izan da lankidetzarekin zerikusia duen komunikatzeko modu berri bat erakustea” azaldu du Asier Gallastegik.

Programaren bidez 10 aldiz biderkatu da Getxoko kirol jarduerek sare sozialetan duten presentzia. Ekimenak iraun zuen bitartean, 3.600 txio idatzi ziren #GetxoKirolak traolarekin, zeintzuk milioi bat erabiltzaile bakar baino gehiagotara iritsi baitziren eta 2’7 milioi bistaratze baino gehiago izan baitzituzten. Programa bukatu da, baina antolatzaile eta parte-hartzaileentzat prozesu baten lehen fasea baino ez da izan hau. Hemendik aurrera pertsona eta erakunde horiek autonomoki jarraituko dute tresna digitalak erabiltzen beren jarduerak ezagutzera emateko eta kolaborazio berriak sortzeko.

Getxo Kirolak ekimenaren laburpen bideoa

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow