Gobernuentzat etorkizuneko potentzial handiena duten 10 teknologia estrategikoak

18 June, 2015

Gartner aholkularitzak Top 10 zerrenda batean bildu ditu Estatu, eskualde edo maila lokaleko gobernu erakundeentzat garrantzitsuenak izango diren teknologia estrategikoak. Azterlan honen bidez IKT sailetako arduradunei lagundu nahi zaie etorkizun hurbilean garrantzitsuenak izango diren teknologiak detektatzen, hala ibilbide orri estrategikoak sortu ahal izango dituzte joera globalak kontuan hartuz.

Estrategia teknologikoen zerrendan buru dira Digital Workplace deiturikoak, hau da, Lanerako Espazio Digitalak.  Aholkularitzaren arabera, etorkizunean gobernu erakundeetan IKTei buruzko ezagutzak dituzten langileak aurkituko ditugu edo aurkitu behar genituzke egituraren maila guztietan; lan-espazio digitala ingurune irekia izango da, horizontala eta demokratikoa, eta gobernu irekiaren printzipioetan oinarritua. Gauzak horrela, Informazio Teknologia arloetako zuzendariak lider bihurtu beharko dira, lanerako espazio sozialagoak, mugikorragoak eta irisgarriagoak sortzeko.

Beste joera garrantzitsu bat Kanal Anitzeko Estrategiarena da, zeinak komunikatzeko bide desberdinak eskaintzen baitizkie hiritarrei, hala nola posta elektronikoa, bat-bateko mezularitza, weba eta aplikazio mugikorrak.  Baina, horrezaz gain, Gartner aholkularitzaren arabera, kanal anitzeko konpromiso hiritarrak berekin dakar baita ere elkarreragin konektatu, sendo eta gardena eskaintzea. Horretarako, ezinbestekoa da hiritarrentzako zerbitzu ereduak birdiseinatzea, marketin tradizionala konbinatuz erabiltzaileen esperientzia-laborategiekin eta hiritarren ko-sorkuntzako ekimenekin.

Datu Irekiek ere etorkizuneko potentzial handia dute, eta dagoeneko administrazio askotara hedatu badira ere, gutxienez hamar bat urte beharko dira beren baliagarritasun guztiak aprobetxatzeko. Aholkularitzako analisten arabera, 2018an gobernuen proiektu digitalen %30 baino gehiago datu irekiak erabiliz egingo dira.

Gobernuentzako berrikuntza teknologikoen Top 10 zerrendan beste joera batzuk ere badaude: Datuen Analitika, modu transbertsalean integratuko dena; Gauzen Internet, gero eta presentzia handiagoa duena azpiegitura eta zerbitzu publikoak monitorizatzeko; eta Gobernu Digitaleko Plataformak, zeintzuen bidez arlo, agentzia eta zerbitzuak uztartuko baitira hiritarrek errazago aurki dezaten bilatzen dutena.

Aholkularitzaren arabera, IKTei buruzko ezagutzarik eza da teknologia horiek gobernu erakundeetan hedatzeko oztopo handienetako bat. Bestalde, berrikuntza digital horiek potentzial disruptiboa dute, zeina dagoeneko hasi baita gauzatzen eta askoz jota bost urtean inflexio puntua erdietsiko baitu.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow