Indie Totem, bideojoko independenteentzako erakusleihoa

14 January, 2015

Bideojoko zale handiak diren hiru euskal gazte daude Indie Totem plataformaren atzean, zeinaren helburua baita ikusgarritasuna ematea denda digital handietan oharkabean pasatzen diren kalitatezko joko independenteei. Plataforma honek egunean bideojoko bat eskainiko du erabiltzaileek esandako prezioan.


Indie Totem plataformako arduradunek azaldu dutenez, Steam bezalako onlineko bideojoko-denda handietan 5 bideojoko berri merkaturatzen dira egunero; kalitatezko sorkuntza asko eskaintza handi horren azpian lurperatuta gelditzen dira eta jokalariek ez dituzte ikusten. Bideojoko zaleak diren hiru euskal gaztek Indie Totem plataforma sortu dute, titulu independenteei erakusleiho alternatibo bat eskaintzeko.

Xabi Linazasorok dioenez, “espazio bat eskaini nahi diegu marketina egiteko baliabiderik ez duten joko txikienei ” eta “egun batez protagonistak izango dira Indie Totem plataforman”. Espazioak  bideojoko bat argitaratuko du egunero, eta jokalariek erabakiko dute zenbateko prezioa ordaindu nahi duten, euro batetik hasita. Espazioak 20 euroko hileroko harpidetza ere eskatuko du eta trukean erabiltzaileek bideojoko berri bat jasoko dute egunero. Garatzaileek dohainik argitaratu ahal izango dituzte beren jokoak, eta salmenten %70-90 jasoko dute.

Indie Totem plataformako lantaldeak egunero aukeratuko du bideojoko bat; kalitate handienekoak aukeratuko ditu Steamonlineko dendan argitaratzen direnetatik. Une honetan weba amaitzen eta plataforma ezagutzera ematen ari dira gamerkomunitatean, eta aurtengo udaberrian espazioa martxan jartzea espero dute.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow