Internet seguruaren potentziala ahalik eta gehien aprobetxatzeko tresnak

10 September, 2015

Internet eta bereziki sare sozialak eguneroko espazio bihurtu dira batez ere gazteentzat, egunero erabiltzen baitituzte sozializatzeko, informazioa eskuratzeko, ikasteko eta entretenitzeko. Baina familientzat kezkagarria da adin txikikoek Sarea erabiltzea, arriskutsua izan daitekeelako pribatutasunaren arloan, erabilpen desegokia eman dakiokeelako edo jazarpen egoerak sor daitezkeelako. Dena den, gurasoek, ikastetxeek eta gazteek tresna eta gida ugari dituzte eskura, Internet segurtasunez erabiltzen ikasteko eta Internetek eskaintzen dituen aukera hezitzaile eta sozial guztiak aprobetxatzeko.

Eusko Jaurlaritzak Teknologia berrietan hezteko gida pedagogikoa argitaratu du aurten. Gida hori hezkuntza arloko eragileekin eta Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxetako ikasleekin garatutako lan bateratuaren emaitza da. Gida hori Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren EgON LINE proiektuaren barruan kokatuta dago. Ikasgelan egingo diren hainbat unitate didaktiko ditu, Interneten erabilpen seguruarekin lotutako hainbat gai lantzeko. Jardueren artean ariketa ugari daude irudi pertsonala eta pribatutasuna babesten ikasteko, indarkeriazko portaerak garaiz detektatzeko eta sare sozialen erabilpen positiboak aztertzeko.

Gazteak batik bat Smartphone bidez sartzen dira Internetera, izan ere 13 urteko haurren %75ak eta 15 urteko gazteen %90ak erabiltzen dute. Ikusirik dispositibo horiek izan duten hedapena, Internet & Euskadi elkarteak beste gida bat sortu du, kasu honetan sakelako telefono eta tableten erabilpenean zentratua: Mi primer smartphone. Datuen Babeserako Euskal Agentziaren laguntzaz eginiko argitalpen horretan, hainbat aholku daude erabilpen arauak adosteko eta gazteei beren pribatutasuna eta segurtasuna babesten erakusteko.

Bestalde, pasa den urtearen amaieran Suspergintza Elkarteak EmenTIC – Internet Seguruaren eta Hezkuntzaren Euskal Zentroa jarri zuen martxan. Espazio horretan Sarearen erabilerari buruzko ikuspegi positiboa bultzatzen da gazteen artean, material eta tresnak eskainiz irakasle, senitarteko nahiz gazteen zalantzak argitzeko. Plataforma horretan gaika sailkatutako gidak daude Interneten munduan murgiltzeko, sakelakoaren erabilpen segurua egiteko edo irudi pertsonalak modu egokian kudeatzeko.

Teknologia digitalak gainera oso baliagarri izan daitezke Interneten erabilpen arduratsua sustatzeko, izan ere badaude hainbat joko eta aplikazio haur eta nerabeek beren burua babesten eta modu seguruan sozializatzen ikas dezaten. Sakelakorako Protégete aplikazioak, adibidez, aukera ematen du eduki ilegal edo negatiboei buruzko salaketa anonimoak egiteko eta jazarpen egoeretan laguntza eskatzeko. Baloreen hezkuntzari dagokionez, Nesplora enpresa gipuzkoarrak Monité bideojokoa merkaturatu du, familia eta ikastetxeek enpatia eta errespetua landu ditzaten.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow