IKTen potentziala paziente proaktiboen arretarako

24 June, 2015

IKTen hedapenak eta, horrekin batera, informazio kopuru handiak berehala eskuratzeko aukerak eta komunikatzeko modu berriek osasun arloko erabiltzaile profil berri bat sortu dute, paziente proaktiboa, alegia. Hiritarrak zerbitzuen hartzaile pasibo izatetik paper aktiboa izatera pasa dira, beren osasunaren ardura hartu dute eta kalitate eta azkartasun handiagoak eskatzen dituzte, ohartu direlako IKTek badutela potentziala pertsonak osasun sistemaren erdigunean jartzeko.

Erabiltzaile mota hori ez da bakarrik prestakuntza handiko jende gaztea, bere baitan hartzen ditu halaber gaixo kronikoak, gaixotasun arraroak dituzten pertsonak edota konplexutasun handiko pazienteak. Paziente proaktiboek IKTak erabiltzen dituzte patologiari buruzko informazioa bilatzeko, osasunaren zaintza hobetzeko eta beste paziente batzuekin harremanetan jartzeko adibidez.

conTIC Foroa osasun arloko aditu talde bat da, Menarini talde farmazeutikoak bultzatua eta teknologia berriek osasun eredua hobetzeko prozesuan duten papera aztertzen duena. Foro horrek Las TIC en la atención al paciente emergente txostena argitaratu berri du eta bertan jasotzen dira Estatuan egin diren topaketa zenbaiten emaitzak.  Argitalpenak dio erabiltzaileak paper proaktiboa hartzen ari direla, eta teknologia digitalei esker, aldaketa bat gertatzen ari dela osasun pertsonalizatu, eraginkor eta eskuragarriagorantz.

Txostenean bildutako adituen iritzien arabera, IKTek hainbat eremu alda ditzakete erabiltzaileen jabekuntza ahalbidetzeko, tele-laguntzaren moduko teknologiak erabiliz baliabideak errazago eskuratzeko, emaitzak ebaluatzeko eta profesionalen arteko informazio trukea hobetzeko.  Bestalde, conTIC Foroko profesionalek hainbat hesi antzeman dituzte, teknologien hedapena eragozten dutenak osasun arloan. Gizakiok jartzen ditugun oztopoak dira nagusiki: aldaketak gustuko ez izatea, epe luzerako plangintza eza eta segurtasunari eta pribatutasunari dagozkion zalantzak.

Txostenak hainbat aplikazio biltzen ditu, igurikapen handiak sortu dituztenak edota zerbitzuetan inpaktu positiboa izateko potentzial handiena dutenak.  Bestalde, osasun arloko profesionalek hainbat gai azpimarratzen dituzte: medikazioa, tele-medikuntza, nork bere burua zaintzea eta informazio klinikoa kudeatzeko sistemak. Azterlanak dio osasun arloko aplikazioek igurikapen handia sortu dutela, baina oraindik ez dutela burutu beren garapen fasea; datozen urteetan balioa eskaintzen duten tresnen hautaketa natural bat gertatuko da, eta balio hori izan daiteke bai eraginkortasunaren arlokoa eta bai zerbitzuen hobekuntzari dagokiona.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow