Santa Clara Games estudio donostiarrak 8Days izeneko akziozko bideojoko berria aurkeztu du

29 September, 2015

8Days bideojokoan, jokalariek G.O.D Inc enpresako mertzenarioen papera jokatzen dute. G.O.D Inc segurtasun militar pribatuan liderra den fikziozko konpainia bat da. Jokoaren lehen kapituluan, Mike “Ghost” Doe eta Lola “Wasp” Cruz protagonistek Ekialdera bidaiatu behar dute, arroz-bahitura bat dela-medio Mendebaldeko goi-mailako klaseek ezin dutelako sushirik kontsumitu, beraz, arazoa konpondu behar dute, tokiko diktadore militarra tiroka konbentzitu arte.

Horixe da Santa Clara Games estudio independenteak kaleratu berri duen bideojoko berriaren argumentua. Arcade estetika duen jokalari anitzeko produktu bat da, PC eta Mac ordenagailuetan erabili daitekeena; akzio dosi handiak ditu eta  istorio kritiko bat ere bai, jokoaren bost kapituluetan zehar azaleratzen dena. “8Days jokoan, jokalaria mertzenario bihurtzen da goi-mailako klaseen premiak asetzeko gatazka globaletan esku hartzeko, eta istorioa pixkanaka argitzen da kapituluetan zehar. Dena den, asmo nagusia dibertigarri izatea da. Horregatik, pixkanaka deskubritu daiteke, edo besterik gabe, tiroka jokatu”, azaldu du Alex Martinek, estudioaren fundatzaileetako batek.

Jokoa urriaren 1ean merkaturatuko dute Humble Bundle Store onlineko plataformaren bidez, eta Madrid Games Week ekitaldian ere aurkeztuko dute stand batean, non nahi duenak aukera izango baitu bideojokoa probatzeko eta bertsio berezi bat erosteko formatu fisikoan. Aurten eta datorren urtean hurrengo kapituluak kaleratuko dituzte pixkanaka; Santa Clara Games estudioko lantaldeak 2016aren amaiera aldera argitaratu nahi du azken kapitulua. Jokoa %60ko deskontuarekin plazaratuko dute, eta erosten duten erabiltzaileek dohainik jasoko dituzte kapitulu berriak.

8Days da Santa Clara Games estudio donostiarrak HassleHeart bideojokoaren ostean merkaturatu duen bigarren produktua. Azken hori iazko urtearen amaieran merkaturatu zen eta euskal bideojoko onenaren saria jaso zuen hóPlay jaialdiaren 2014ko edizioan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow