BIME Hack Day motorrak berotzen ari da 2015eko ediziorako

14 July, 2015

24 ordu baino gutxiago aplikazio mugikorrak, webak edota antolakuntzak proposatutako gaiari buruzko bideojokoak taldeka garatzeko, horixe da Hack Day topaketaren erronka. Urriaren amaiera aldera egingo da BIME Pro teknologia berriei eta industria sortzaileei buruzko jaialdiaren barruan. BIME Hack Day ekitaldiak teknologia gorakorren inguruko hitzaldiak eta workshopak antolatu ditu bi egunetarako.
Ekitaldi hau, aurten hirugarren edizioa beteko duena, programatzaileei, makerrei, teknologia berriak atsegin dituztenei eta software nahiz hardware munduetako azken garapenak deskubritu nahi dituzten pertsona guztiei zuzenduta dago. Urriaren 30etik 31ra era askotako tailerrak antolatuko dira: weberako eta mugikorretarako aplikazioak, bideojokoak, 3D inprimaketa, wearable teknologiak, marketina, e.a. Aritz Gonzálezek, BIME Hack Day ekitaldiaren antolatzaileak, Last Tour International webgunean azaldu bezala, “jardunaldietan arreta berezia eskainiko zaio industria musikalari, baina beste sektore guztiekiko perspektiba irekia mantenduz”, “hala, hurbiltzen denak hainbat ezagutza barneratuko ditu bere enpresan edo proiektuan aplikatu ahal izateko”.
Jardunaldietan teknologia berrien munduko profesionalen hitzaldiak ere eskainiko dira, eta dagoeneko zabalik dago izen-emate epea hizlari gisa parte hartu nahi duten enpresa, garatzaile edo ekintzaileentzat. Aritz Gonzálezek esan duenez, “espazio bat eskainiko zaie beren proiektua azaldu dezaten, konexioak sortzeko eta behar dituzten profilak aurkitzeko”. Call for Papers zabalik dago BIME Hack Day ataritik irailaren 1era arte.
Horrekin batera, hilaren 30etik 31ra (ostiraletik larunbatera) BIME Hack Day hackatoia ere egingo da, non parte-hartzaileek aplikazio bat garatu beharko baitute hutsetik hasita. Bukatutakoan, emaitza guztiak aurkeztuko dituzte eta antolatzaileek proiektu onenaren saria emango dute. Horrez gain, babesleek ere beste garaikur batzuk banatuko dituzte. Iaz Estimotivación prototipoak irabazi zuen hackatoia. Beacon teknologian oinarritutako dispositibo multzo bat da, hurbiltzean edo urruntzean musika instrumentu desberdinak joarazten dituena sakelakoan.
BEC-en urriaren 28tik 31ra egingo den BIME Pro jaialdiaren barruan, Startup Summit jardunaldia (industria sortzaile, musikal eta digitaletako startup-en topaketa) eta industria sortzaileen arloko BIME Recruiting enplegu foroa antolatu dira. BIME Pro ekitaldia Last Tour International-ek eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dute Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin (SPRIren bitartez).

BIME Hack Day

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow