Python-i buruzko Europako konferentzia handiena egingo da Bilbon

15 July, 2015

Uztailaren 20tik 26ra Bilbon egingo da EuroPython topaketa, Python programazio lengoaiari buruzko kongresua, non hitzaldiak, tailer espezifikoak eta prestakuntza-saioak antolatuko baitira programazioaren munduan barneratu nahi duen edonorentzat.

Hitzaldiak Euskalduna Jauregian egingo dira eta izen handiko hizlariak etorriko dira, hala nola Guido van Rossum, Python lengoaiaren sortzailea, Ola Sitarska eta Ola Sendecka, Django Girls ekimenaren sortzaileak eta Carrie Anne Philbin, Raspberry Pi fundazioko hezkuntza arloko arduraduna. Parte-hartzaile guztientzako saioez gain, astean zehar 200 bat hitzaldi eta tresna espezifikoak erabiltzen ikasteko 20tik gora prestakuntza-saio egingo dituzte.

EuroPython topaketaren lehen egunean Django Girls tailerra egingo da. Irabazi asmorik gabeko ekimen bat da, askotariko jarduerak antolatzen dituena mundu osoan, emakumeek programazioan duten presentzia sustatzeko. Workshop-a emakumeei zuzendurik dago, bai arlo honetako ezagutzak dituztenei eta baita ere ez dituztenei, eta saioan zehar web aplikazioak egiten ikasiko dute Django ingurunea erabiliz. Jardueran izena emateko epea itxita dago jadanik.

Nobedade bezala, aurtengo EuroPython topaketan Beginners’ Day ekimena antolatu da, Python erabiliz programazioaren munduan sartu nahi duten bertaratuentzat. Ikastaro trinko honetan parte har dezakete bai beste programazio lengoaia batzuk ezagutzen dituztenek eta baita ere inolako ezagutzarik ez dutenek; maila desberdinetako tutorialak eskainiko dira eta open source munduan eta Python ekosisteman sartzeko hastapen saio bat ere egingo da. Gainerako edizioetan bezalaxe, parte-hartzaileek eurek antolaturiko programazio esprintak egingo dituzte softwarea eta aplikazioak garatzeko.

Python kode irekiko eta plataforma anitzeko programazio lengoaia da, Guido van Rossum-ek 80ko hamarkadan sortu zuena. Eta irabazi asmorik gabeko EuroPython Society erakundeak antolatzen dituen urteroko topaketa horietan ezagutzera ematen dira programazio lengoaia honekin eginiko tresnak, euren potentziala eta open source filosofia. Berlinen eginiko 2014ko edizioak Python komunitatearekin lotutako 1.200 lagun baino gehiago bildu zituen.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow