Esanbaki, euskara ikasten jolasaren bidez

26 April, 2017

Jokoak ikaskuntza bit-en metodologia erabiltzen du.

Aplikazioa doakoa da eta 0-6 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.

 

Esanbaki bideojokoak inteligentzia bit-ak erabiltzen ditu euskarazko oinarrizko hiztegia eta gramatika erraz memorizatzeko. Idatzizko hitz bakoitzak irudi bat dauka, eta dagokion ahoskera azaltzen duen audio bat ere bai, jokalariak hiztegia ikasten has daitezen. Guztira 156 hitz ditu, esaldi sinpleak eraikitzeko ere erabiltzen direnak.

 

Bizkaiko Onoff estudioak sortu du proiektua, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzari esker. Aplikazioa doakoa da, eta eskuragarri dago Android eta iOS sistema eragileak dituzten dispositiboentzat. Joko hori bereziki diseinatu da 0 eta 6 urte bitarteko haurrek erabil dezaten, baina berdin erabil dezake euskarazko lehen hitzak ikasi nahi dituen beste edonork ere.

 

Aplikazioak hiru fase dauzka. Lehenengoan hiztegia erakusten da bit-en bidez, hau da, formatu digitaleko txartelak dira, eta txartel horietan ageri da argazki bat, hitza idatzita eta ahoskera. Jokoak bildutako hitzen artean daude zenbakiak, koloreak, animaliak, eguneroko objektuak eta aditzak ere bai. Bigarren zatia jolas bat da, zeinetan erabiltzaileak hitz bakoitzari dagokion irudia aukeratu behar baitu. Bukatzeko, gramatikari buruzko zati bat dago, non izenak eta aditzak baliatzen baitira esaldiak eraikitzeko.

 

Onlineko eta offlineko proiektuak diseinatzen eta garatzen dituen enpresa horrek proiektu propio gisa sortu du Esanbaki, helburutzat harturik jolas sinple eta erakargarri bat eskaintzea euskararen erabilera sustatzeko haur txikienen artean. Estudioak baditu antzeko beste bi joko, biak hala biak doakoak eta haurrei zuzenduak: Animaliak, ia ehun animaliaren izenak idazten ikasteko, eta Hitziki, oinarrizko hiztegia barneratzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow