Erle Robotics enpresak ekosistema komun berri bat aurkeztu du robotikarako

13 urria, 2016
Euskal startup-a dagoeneko hasi da nazioarteko fabrikatzaileekin kontratuak sinatzen.

H-ROS sistemari esker, roboten osagaiak inter-operagarriak eta berrerabilgarriak izango dira.

 

Erle Robotics euskal enpresak H-ROS plataforma aurkeztu du Seuleko ROSCon konferentzian. Robotikarako osagaiak estandarizatzen dituen ingurune bat da, aukera ematen duena robot inter-operagarri, birkonfiguragarri eta berrerabilgarriak egiteko. Erle Robotics enpresako CTO eta fundatzaile Víctor Mayoralek azaldu bezala, “H-ROSek hardware osagaien ekosistema komun bat sortu du, robotek osagai berberak (esaterako, sentsoreak, motorrak edo baita ere beso edo oinarri mugikorrak) erabil ditzaten”.

 

Hau da, robotikarako estandar komun bat sortu dute, zeinaren bidez osagaien arteko komunikazioa eta datu trukea bideratuko baita, edozein dela ere fabrikatzailea. Gainera, robotak birkonfiguragarriak izango dira, hots, beren portaerak egokituko dituzte sentsore, motor edo komunikazio sistema berriak erantsi ondoren. Erle Robotics enpresako lantaldeak azpimarratu duenez, plataforma honi esker azkartu egingo dira robotikaren sektorean berrikuntzak eta aplikazio berriak sortzeko prozesuak.

 

H-ROS ekosistemak bost motatan sailkatzen ditu robotikako osagaiak: sentsoreak –ingurunea antzemateko eta informazio hori gainerako osagaiekin partekatzeko balio dutenak-, ekintzarako osagaiak –ingurunearekin elkarreragin fisikoa duten dispositiboak-, komunikazio osagaiak –WiFi, 4G…-, kognizio osagaiak –roboten garunak- eta osagai hibridoak.

 

“Orain arte, robot bat eraiki nahi zuen enpresak azpiegitura osoa garatu beharra zeukan. Estandar honi esker, beste enpresa batzuen osagaiak erabili ahal izango dituzte, hutsetik abiatu beharrik ez izateko” azaldu du Carlos Uragak, startup-eko zuzendari nagusiak. “Ohartu ginen ingeniariek robota bera sortzen ematen zutela denbora gehien, eta ez garatu nahi duten aplikazioa lantzen” erantsi du Víctor Mayoralek.

 

Hasierako ikerketa fasean, H-ROS proiektuak DARPAren (Estatu Batuetako Defentsarako Ikerketa Proiektu Aurreratuen Agentzia) finantzaketa jaso zuen, Robotics Fast Track programaren barruan. Gaur egun, proiektua hurrengo fasean dago, non nazioarteko hainbat enpresaren babesa jasotzen baitu. Gainera, dagoeneko hasia da fabrikatzaileekin kontratuak sinatzen beren teknologian H-ROS plataforma txertatzeko.

 

“Harrera bikaina izan du Seulen, mundu guztia zegoen horrelako zerbaiten zain, eta interes handia piztu du nazioarteko enpresen artean ” adierazi du Carlos Uragak. Erle Robotics enpresako lantaldeak uste du urtebetean hasiko direla %100 bateragarriak diren lehen osagaiak merkaturatzen; “hortik aurrera, hazkunde esponentziala izatea espero dugu” baieztatu du Víctor Mayoralek.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow