ContentShift 2016 programak Entreescritores plataforma hautatu du

8 September, 2016

Europako 18 startup-ek parte hartuko dute azelerazio programan, eta euskal plataforma da horietako bat.

 

Iraultza digitala etorri denetik, editorialen sektorean aukera ugari sortu dira enpresa ideia berriak garatzeko, bai formatuei, bai plataformei eta baita ere edukiei dagokienez. Horren adibide dira ContentShift programak aukeratu dituen ekimenak. ContentShift Europa osoko startup-ei zuzendutako azelerazio programa bat da, Alemaniako Editore eta Liburu Saltzaile Elkarteak bultzatua. 18 proiektu hautatu ditu, besteak beste, eduki narratibo interaktiboak bistaratzeko software bat, irakurketarako aplikazioak edota idazketa kolaboratiborako espazioak.

 

Azelerazio programa horrek Estatuko proiektu bakarra aukeratu du, Gipuzkoako Lotura enpresak garatutako Entreescritores startup-a. Idazle berriak, irakurleak eta editorial independenteak komunitate berean biltzen dituen plataforma bat da. Egileei kanal bat eskaintzen die argitaratu gabeko obrak ezagutzera emateko, alegia, bide bat irakurketa atsegin duen audientziarengana iristeko. Editorialentzat, berriz, eduki berrien iturri bat da, eta irakurle komunitateak aldez aurretik baloratzen ditu eduki horiek. Plataforma 2013an abiarazi zen, eta dagoeneko baditu 13.000 erabiltzaile inguru eta 200dik gora egile.

 

ContentShift azelerazio programa diseinatu zen industria editorialaren eta sektoreko startup berritzaileenen artean konexioak sortzeko, eta, bide horretatik, proiektuak garatzen laguntzeko. Uztailean hautatu ziren final-erdietara pasako diren ekimenak. Programak 3 hilabeteko iraupena du eta, epe horretan, startup-ek, aholkularitza jasotzeaz gain, aukera izango dute harremanetan jartzeko nazioarteko inbertitzaile sarearekin eta mundu editorialeko adituekin. “Nolakoa den negozio-eredu eta merkatuko estrategia berriak garatu eta inplementatzeko dugun gaitasuna, halakoa izango da liburuaren industriaren etorkizuna,” azaldu du Detlef Buettner-ek (Lehmann GmdH enpresako zuzendari nagusi eta ContentShift programako epaimahaikideak) ContentShift ekimenaren web orrian. Prozesuaren ostean, finalera iristen diren 5 startup-ek Frankfurteko Liburuaren 2016ko Azokan parte hartuko dute.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow