“Enpresa Digitala Invest” kongresua: 4.0 industriarantz EIKTen bitartez

3 December, 2015

Enpresa Digitala Invest ekimenak sektore anitzeko topaketak antolatzen ditu, esparru desberdinetako konpainiek aurrez aurreko bilerak egin ditzaten beste sektore batzuetako enpresekin eta, bide horretatik, beren premiei erantzungo dieten kolaborazioak sor ditzaten. Ekimen horren barruan Enpresa Digitala Invest Kongresua antolatuko da abenduaren 15ean, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Hitzordu horren xedea da Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak txertatzea euskal enpresa industrialetan, berrikuntza prozesuak ahalbidetzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko.

Topaketa hau beraizik zuzenduta dago teknologia digitaletan oinarritutako konponbide berriak ezarri edo ezagutu nahi dituztenei eta esparru industrialerako EIKTen esparruan espezializatuta dauden enpresei. Jardunaldiaren hasierarako hainbat hitzaldi antolatu dira teknologia digitalek 4.0 Industriarantz abiatzeko duten potentzialari buruz, eta ondoren, sektore anitzetako bilera pertsonalizatuak egingo dira.

Aitor Cobanerak, SPRIko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak, irekiko du Kongresua, eta berarekin batera izango dira Tomas Iriondo, TEIC GAIA klusterreko zuzendari nagusia eta Guillermo Gil, Tecnalia Research & Innovation-eko IKTen Ezagutzako arduraduna. Iriondok eta Gilek hitzaldi inspiratzaileak emango dituzte Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiek industria sektorera ekar ditzaketen aurrerapenei buruz. Enpresa parte-hartzaileek beren proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte bertaratuen aurrean, hiru minutuko erronda azkarren bidez.

Hortik aurrera, jardunaldian zehar alde biko topaketak egingo dira EIKT konpainietako eta sektore industrialetako arduradunen artean. Enpresa parte-hartzaileen bilera-agenda aldez aurretik prestatuko da, bertaratutakoen eskaeren arabera eta  software tresna batean oinarritutako matchmaking prozesu baten bidez. Parte hartu nahi duten konpainiek deialdiaren webean eman dezakete izena. “Enpresa Digitala Invest” kongresua Euskadiko Agenda Digitalaren barruan sortu zen, helburutzat harturik enpresek EIKTak txerta ditzatela antolakundeen arteko lankidetzaren bitartez.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow