Eiken klusterrak 4.0 eraldaketarako gida bat aurkeztu du

8 azaroa, 2017

Ikerketa hori edukien eta industriaren sektoreetara zuzenduta dago.

 

Iraultza digitalak, alegia Gauzen Internet, adimen artifizial, datuen analitika, errealitate birtual eta antzeko teknologiei lotua dagoenak, aukera berriak zabaldu dizkie baita edukien sorkuntza eta banaketako sektoreei ere. Ikus-entzunezkoen, publizitatearen eta sorkuntzaren sektoreetako enpresentzat oso garrantzitsua da jakitea zein erronka eta aukera sor daitezkeen sektore industrialekiko kolaborazioaren bidez, baina etorkizuneko eszenatoki hori konplexua da, eta batzuetan zalantzak eta ziurgabetasunak sortzen ditu.

 

Edukien sektorean diharduten 130 enpresa inguru biltzen dituen Eiken klusterrak azterlan bat egin du, sektore horietako profesionalei laguntzeko eraldaketa digitalerako bidean. “Gida hau sortu dugu ohartu ginelako gure bazkideek laguntza behar zutela bidaia honetan. Gure lau azpi-sektoreetako enpresa askok (ikus-entzunezkoak, publizitatea, hizkuntzaren industriak eta kulturaren industriak) ez dakite nola ekin eraldaketa horri” azaldu du Fran Valmañak, Eiken klusterreko zuzendariak. “Era berean, gida hau beste arlo batzuetako konpainiei ere zuzentzen zaie, hala nola teknologi zentroei, makina-erreminta sektoreari eta ia edozein sektore industriali, lankidetzarako aukera berriak irekitzen dituelako”.

 

Eiken 4.0 gida datorren azaroaren 9an aurkeztuko da, Euskalit Fundazioak antolatutako Kudeaketa Aurreratuaren 23. Europar Astean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Gida prestatzeko, Mondragon Unibertsitateak ikerketa-lan bat egin du klusterreko enpresek eginiko ekarpenetatik abiatuta, eta bere helburua da edukien sektorerako erronka espezifikoak identifikatzea. Besteak beste, gidan aztertzen da nola eboluzionatu dezaketen etorkizun hurbilean balio-katearen fase desberdinek, hau da, sorkuntzak, agregazioak, banaketak, kontsumoak eta publizitateak. Orobat aztertzen da zein aktore berri sartuko diren fase horietan.

 

“Kluster gisa, gure helburuetako bat da lankidetzarako aukerak ugaritzea, sektore desberdinetako enpresek bat egin dezaten elkarrekin proiektuak garatzeko. Aukera asko dago, baina ingurunea konplexuagoa da” adierazi du Fran Valmañak. Ekosistema berri horretan balizko aliantza berriak sortzen dira enpresa industrialen eta edukien arloko profesionalen artean errealitate birtuala lantzeko, bideoak sortzeko edo aplikazioak garatzeko.

 

Azaroaren 6tik 17ra egingo den Kudeaketa Aurreratuaren Europar Astean 72 erakundek antolatutako 48 ekitaldi programatu dira. Euskalit Fundazioak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin (SPRI Taldearen bitartez) koordinatutako ekitaldi horrek bere 23. edizioa egingo du aurten.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow