eDemocracity, blockchain sistema prozesu parte-hartzaileei aplikatuta

8 November, 2017

Plataformak teknologia hori darabil segurtasuna eta anonimotasuna bermatzeko.

 

eDemocracity startupa plataforma bat da, prozesu parte-hartzaile digitalak egiteko aukera ematen duena eta administrazio publikoentzat zein enpresentzat pentsatua dagoena. Blockchain teknologian oinarritzen denez, posible da kontsultak modu askoz seguruagoan egitea, parte-hartzaileen anonimotasuna bermatzen duen prozesu deszentralizatu baten bidez. Lehen pilotua inplementatzen ari den proiektu hori Tecnalia zentroak sortutako Blockchain laborategi industrialaren barruan garatu zen. Gainera, Metaposta da eDemocracity enpresaren kolaboratzaileetako bat. Izan ere, Metapostak garatu du kontsultak egiteko eta erantzuteko web aplikazioa eta berak kudeatzen du parte-hartzaile bakoitzaren identifikazioa.

 

Teknologia hori kripto-txanponen esparruan egin zen ezagun lehenbizikoz, BitCoin-ak zabaltzen hasi zirenean, baina beste hainbat esparrutan erabil daiteke, besteak beste, boto elektronikoan. “Blockchain teknologiak kontularitza-liburu banatu baten modura funtzionatzen du” azaldu du eDemocracity enpresako zuzendari nagusi Miguel Ramosek, “boto digitalari dagokionez, batik bat segurtasuna ematen du, parte-hartzaile bakoitzaren nortasuna egiaztatzen delako, eta konponbide zentralizatua izan beharrean, datu-basearen erreplika osoa duten guneetan banatuta dago”. Metaposta-k gaitasuna ematen dio sistemari erroldan inskribatuta dauden pertsonen nortasuna egiaztatzeko eta, aldi berean, datuak babestuta daudela bermatzeko.

 

Startupak plataforma hori eskainiko du kontsultak eta prozesu parte-hartzaileak egiteko. Aplikazio zuzenena da sektore publikoan duena, zeren hiritarren parte-hartzea gero eta zabalduago baitago administrazio publiko askotan, gobernu irekiaren ildotik. Dena den, badaude baita ere antolakunde barruan parte-hartze sistemak integratu nahi dituzten enpresak. “Lehen pilotua inplementatzekotan gaude enpresa batean, eta dagoeneko hasi gara administrazioekin harremanetan, ikusi nahi dutelako nola erabil dezaketen eDemocracity hiritarrentzako prozesu parte-hartzaileetan” azaldu du Miguel Ramosek.

 

Startupak Tecnalia du bazkide teknologiko eta Metaposta kolaboratzaile, eta bera izan da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean aurten abiarazitako blockchain laborategi industrialean garatu den lehen kasu arrakastatsua.