EBk ikerlari gazte eta berritzaileei zuzendutako deialdi bat ireki du ICT 2015 topaketan parte har dezaten

22 April, 2015

ICT 2015 topaketa urrian egingo da Lisboan. Europako Agenda Digitala programaren barruan antolatzen den topaketa horretan, IKTen arloko I+G-ko azken aurrerapenak eta Europako etorkizuneko estrategia politikak erakutsiko dira. Orain deialdi bat zabaldu da topaketara joan nahi duten 40 ikasle, ikerlari gazte eta berritzaile ha


Europako Batzordeak, Agenda Digitala programaren bitartez, gonbita egin nahi die IKTetan interesatutako ikerlari gazteei, ikasleei eta berritzaileei, eta hautatuek urriaren 20tik 22ra Lisboan egingo den ICT 2015 topaketan parte hartuko dute. Deialdian 30 urte baino gutxiagoko 40 lagun aukeratuko dira, zeintzuek aukera izango baitute kongresuko hitzaldi, aurkezpen eta eztabaidetara joateko eta saioetan aktiboki parte hartzeko Europako belaunaldi berrien ordezkari gisa. Bidaia eta egonaldia (ekitaldiak irauten duen bitartean) gonbidapenaren barruan daude, eta izena emateko epea maiatzaren 31n amaituko da.

Deialdia EBko Estatu kideetako gazte guztientzat dago zabalik, betiere gutxienez Bigarren Hezkuntzako titulazioa badute (berritzaile gazteen kasuan) edo Europar Batasunean kokatutako unibertsitate edo instituturen bateko proiektu akademikoetan parte hartzen badihardute. Teknologia digitalen alderako motibazioa eta interesa izango da hautaketarako irizpide nagusia, izan ere asmoa da profil desberdineko gazte talde bat sortzea IKTen inguruko ikuspegi anitzagoa eskain dezaten.

Kongresuan truke topaketak eta tutoretza saioak egingo dira ikerlariekin, ordezkari politikoekin eta ekintzaileekin. Eta beste hainbat zeregin ere izango dituzte: kongresuko parte-hartzaileak elkarrizketatzea, hitzaldien edukiak Internet eta sare sozialen bidez hedatzea edota eztabaida saioetan parte hartzea ikerlari eta berritzaileen belaunaldi berrien interesak ordezkatuz.

Europako Batzordeak antolatzen du ICT 2015 topaketa Agenda Digitala programaren barruan, eta topaketa horretan ezagutzera emango dira IKTen sektorean I+G bultzatzeko dauden azken aurrerapenak. Kongresuan aurkeztuko dira, besteak beste, Horizontea 2020 programako politika eta ekimenak, sektoreko proiektu eta enpresa berritzaileenak eta arlo horrekin lotutako Europako finantzaketa programak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow