DonostiTron, bideojokoak garatzeko maratoia

8 azaroa, 2016
Bi asteburutan hitzaldiak, tailerrak eta gamejam bat egingo dira.

Ekimenaren helburua da tokiko bideojokoak sustatzea.

 

DonostiTron arcade bideojoko-makina bat da, Tabakalerako Hirikilabs Laborategian zaharberritua eta hackeatua. Proiektu hori 2015ean abiatu zen, tokiko garatzaileek sortutako jokoei ikusgarritasuna emateko. Ekimen horren barruan, DonostiTron GameJam jaialdia egingo da datozen asteburuetan, Tabakalerako Laborategi hiritarrean. Jaialdi horrek bere baitan hartzen ditu hainbat hitzaldi eta tailer eta garapen maratoi bat ere bai.

 

Azaroaren 11n eta 12an bideojokoei buruzko hitzaldi egitarau bat antolatuko da profesionalentzat, afizionatuentzat eta mundu horretan sartu nahi duen edonorentzat. Jardunaldi horietan hainbat estudiotako sortzaileek parte hartuko dute: Gipuzkoako Santa Clara Games eta Jokoa Interactive estudio independenteetakoek, Madrilgo Tequila Works estudiokoek eta Berlingo Screen Implosion estudiokoek.

 

Hitzaldiek askotariko gaiak jorratuko dituzte: hala nola, merkatuko produktuen saturazioa gainditzeko giltzarriak, inpaktu soziala duten jokoak eta Steam plataforman argitaratzeko jarraitu beharreko urratsak. Hurrengo egunean tailerren jardunaldia egingo da, eta parte-hartzaileek oinarrizko zenbait nozio ikasiko dituzte bideojoko bat sortzen hasteko.

 

Gamejam ekitaldia hurrengo asteburuan izango da, azaroaren 18tik 20ra. Ostiral arratsaldean hasiko da maratoia, eta parte-hartzaileek igandera arteko epea izango dute bideojokoak taldeka garatzeko. Sorkuntza guztiek gai bera hartuko dute ardatz: giza eskubideak. Gainera, bukatutako bideojoko guztiak DonostiTron makinan kargatuko dira publikoari aurkezteko. Parte hartu nahi dutenek zabalik dute izena emateko epea.

 

Tabakalerak (Hirikilabs-en eta Ubik sorkuntza liburutegiaren bitartez) eta Donostiako Santa Clara Games estudio independenteak (Hassleheart eta 8 Days tituluen sortzaileak) sustatu dute ekimena. Pintxo Developer-Gipuzkoako Bideojokoen Profesional eta Zaleen Elkarteak bultzatu zuen DonostiTron makinaren ideia, eta asmoa da hackeatutako arkade makina hori espazio publikoetan kokatzea, hiritarrek aukera izan dezaten bertako estudioek sortutako bideojokoak probatzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow